"Kontu lepo" datoz Gaztetxetik

Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 8a, 17:02
Argazkian, "Kontu lepo" fanzinearen azala

Azpeitiko Gaztetxeak fanzinea kaleratu du, gazteen komunikazio tresna izateko asmoarekin

Tabernetan jarri dute salgai euro baten truke

Azpeitiko Gaztetxeak, Gaztetxeko ateetatik kanpo atera eta herriari bertan antolatzen denaren berri eta bertan lantzen ari diren gaien inguruan informatzeko fanzine edo aldizkari bat kaleratu du, Azpeitiko Gaztetxie "Kontu lepo".

Fanzinearen lehen zenbakiko Sarrera atalean hala diote, "Gaztetxea eta Azpeitiko gazteon mugimendua aurrera doazen honetan, herriari begira fanzine bat ateratzearen beharra ikusi da". Era berean, "gazteen arteko hartu emana eta komunikazioa bultzatuko dituen tresna eta bide izatea" nahi dute. Gaztetxean hainbat talde dituzte martxan eta aldizkariaren ekimena Komunikazio taldetik irtendakoa da, "hala ere aldizkaria Gaztetxean lanean ari diren talde guztien artean egindako lana da", diote Gaztetxekoek. Komunikazio taldea ostegunero biltzen da, 19:00etan, Gaztetxean bertan.

Banaketa tabernen bidez

Aldizkariaren helburua, Gaztetxeko taldeek antolatzen dituzten ekimen desberdinen berri ematea da, "batik bat hoiek hartzen dira aldizkariko gai bezala, baina horrez gainera, modu alternatibo batean gazteongan eragina duten arazo sozialak landu eta horien inguruko informazioa eman nahi dugu aldizkariko orrietan". Lehen zenbakia, urtarrilekoa, herriko tabernetan zabaldu zuten eta haietan dago eskuragai, euro baten trukean. "Oraingoz tabernetan bakarrik jarri dugu aldizkaria eta prezio sinbolikoan jarri dugu eskuragai. Gure asmoa aldizkaria jendeak irakurtzea delako", diote Gaztetxekoek.

Lehenengo zenbakiak harrera ona izan duela diote gazteek, "ale asko saldu dira, gutxi batzuk gelditu dira soberan eta hoiek agian herriko ikastetxeetara banatuko ditugu".

Bigarrenarekin lanean

Lehen zenbakiaren harrera ikusi orduko bigarrenarekin ere lanean hasi dira, "dagoeneko bigarren zenbakia prestatzen hasita gaude". Kontu lepo aldizkariak ez du maiztasun jakin bat izango, "ahal dugunean kaleratuko dugu, ez du maiztasun zehatz bat izango".

Aldizkaria

Aldizkaria. Azpeitiko Gaztetxie Kontu lepo.

Zenbakia. 1. zenbakia.

Orrialdeak. 16 orrialde.

Atal eta gai batzuk. Gaztetxearen ibilbidea, Etxebizitza, AHT, Kanpora begira, agenda...

Maiztasuna. Ahaldenkaria.

Argitaratzailea. Azpeitiko Gaztetxea.

Posta elektronikoa. agazteokzer@euskalerria.org Web orria. www.mundurat.net/ azpeitikogaztetxea