ANVren jarduera eten du Garzonek, baina zinegotziek karguari eutsi ahal izango diote

Uztarria.eus 2008ko ots. 8a, 12:02

Alderdi hark eta EHAK-k ezingo dute martxoko hauteskundeetan parte hartu, eta epaileak haien egoitzak ixteko eta diru kontuak blokatzeko agindu du

Azpeitian EAE-ANV dago alkatetzan, eta Iñaki Errazkin alkatea Kongresurako hautagaia da

Azkeneko albistea (larunbata, 13:20). Errazkin: Berdin jarraituko dugu lanean, hartutako konpromisoei eusten

Gaur (otsailak 8, ostirala) EAE-ANV alderdiaren jarduera politikoa hiru urterako etetea ebatzi du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak, "erakunde terroristari laguntzea" egotzita. EHAK alderdiarentzako ere ebazpen bera hartu du Garzonek.

Hala, bi alderdiek ezingo dute martxoaren 9an Espainiako hauteskundeetan parte hartu, eta epaileak haien egoitzak eta webak ixteko eta diru kontuak blokatzeko agindu du, eta ezingo dute manifestaziorik deitu.

Hala ere, epailearen bi autoek zehazten dute jardueren eteteak ez diela eragiten EHAK edo ANVko kide diren pertsonek "norbanako gisa eta hautetsi aulkien jabe bakar gisa egiten dituzten jarduerei"; hots, udaletan —Azpeitian, esaterako— eta Eusko Legebiltzarrean dituzten karguei eutsi ahal izango diete bi alderdi horietako kideek.

Espainiako Auzitegi Gorenean, berriz, EAE-ANVren eta EHAKren legez kanporatzeen inguruko auzi saioak egiten ari dira gaur.

2007ko ekainaz geroztik Azpeitian EAE-ANV alderdia dago alkatetzan. Udal hauteskundeak pasatu eta hilabetera, ekaineko kargu-hartze ekitaldian lortu zuen EAE-ANVk alkatetza (sei zinegotzi lortu zituen bozetan), EA (bi) eta Aralar (bat) alderdien botoei esker. EAJk zortzi zinegotzi dauzka.

Urtarrilaren bukaeran iragarri zituen EAE-ANVk Espainiako hauteskundeetarako zerrendak -martxoaren 9an izango dira Kongresuko eta Senatuko bozak-, eta, besteak beste, Iñaki Errazkin Azpeitiko alkatea aurkeztu zuten hautagai gisa. Hain zuzen, Kongresuko zerrendetan seigarren lekuan.

Infomazio gehiago Berria.info-n

Azkeneko albisteak (ostirala, 17:20). EAE-ANVk herri batzar berezia antolatu du larunbat goizerako. Azpeitiko EAE-ANVk herri batzar berezia deitu du biharko, gaurko erabakia dela-eta. Batzarra 10:30ean hasiko da, Aitonenan I-en.

(larunbata, 13:20). Errazkin (Azpeitiko alkatea, EAE-ANV): Berdin jarraituko dugu lanean, hartutako konpromisoei eusten.

"-1. Erabaki juridikoa baino gehiago erabaki politikoa dela esan beharko genuke. Hainbat aldiz aurreratu digutenari forma juridikoa eman diote. Niri kezkatzen nauena zera da: hainbeste aldiz iragartzen den albiste edo erabaki bat gertatzen denean, normala edo logika baten barrukoa dela ematen du. Baina kontuan hartu behar dugu erabaki horren larritasuna. Ez erabaki horrena bakarrik; azkenaldian hartzen ari diren erabaki guztiek (gure jarduera politikoari eta euskal herritar guztionari eragiten diotenak) ekartzen duten heriotza zibil eta politikoa. Hori justu gertatzen da gatazkaren konponbiderako alternatiba politiko bat mahai gainean daukagunean, horri bide bat eman nahi diogunean. Beraien helburua horri bidea ixtea da eta horrek oso egoera kezkagarrian uzten gaitu, baita eskubide zibil eta politikoei dagokionez ere.

-2. Legalki hauteskundeetara aurkezteko aukerarik ez digute ematen eta horrek eraso larri bat da. Alderdi politiko bezala gure jarduera baldintzatzen du, eta horrek esan nahi du gure lan eta mezu politikoak emateko oztopoak jarri nahi dizkigutela. Bestalde, esan nahi dugu berdin jarraituko dugula lanean, hartutako konpromisoei eusten; mezu hori eman nahi diegu herritarrei. Guk lanean jarraituko dugu Udalean, zalantzarik gabe.

-3. Auzitegi Gorenarengandik okerrena espero dugu. Erabaki politiko batzuk hartu dituzte eta aurretik hartutako erabaki horiei forma juridikoa ematen diote orain. Hartu duten bidea eta gu gauden egoera ikusita, ilegalizazioa martxan dagoela ikusten dugu, jarduera eteteak ere ia horixe bera esan nahi duelako. Urteko asko daramatzate errezeta berdina aplikatzen eta ez dute ezer lortu, ez dute konponbidea lortzeko inolako aurrerapausorik eman. Ezertarako balio ez duen beste urrats bat eman dute, gure herrian tentsio gehiago sortzeko. Hori da justu gainditu behar duguna.

-4. Nahiko genuke beste alderdietatik babesa jasotzea. Ilegalizazioaren eta Alderdi Politikoen Legearen aurka daudela entzuten dugu, eta eskatzen duguna da ez bakarrik babesa ematea, baizik eta euskal herritarren eskubideen defentsan bustitzea. Zentzu horretan, uste dugu unea iritsi dela «honaino iritsi gara» esateko eta Euskal Herrian bizi garen egoera antidemokratikoari erantzun bat emateko. Ez dugu oso jarrera ona ikusi azken egunetan, baina guk dei hori egiten jarraitu behar dugula uste dut. Beraiek ere konponbidearen inguruan erantzukizuna badute, denok hartu behar ditugulako konpromisoak".