Xoxoteko pistako giltza izateko eskaera egin beharko da

Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 8a, 11:02
Izarraitzeko pistako langari giltza aldatu diote.

Udalak giltza aldatu du, "behar baino jende gehiagok duelako kopia"

Giltza berria udaletxean eskatu behar da

Udalak Izarraitzeko edota Xoxoteko pistako atezaiko giltza aldatu egingo du, gaur egungo giltzari "erabilera okerra" ematen zaiolako eta "behar duen baino jende gehiagok duelako haren kopia". Giltza berria izateko aurrez udaletxean eskatu egin beharko da, eskaera orri bat betez eta sinatuz. Hori egiteko epea noiz zabaldu behar duten jakinaraziko duela iragarri du Udalak.

Xoxoteko pista Erloko antenaren mantenurako, nekazaritzarako edo aterperako dela dio Udalak, "baina udan pistatik igotako auto asko egoten da mendian, goian, aparkatuta. Giltzaren kopiak gehituz joan direlako gertatu da hori. Beraz, pistari erabilera egoki bat emateko giltza berria jarriko diogu". Berriaren kopia enpresak bakarrik ateratzea izango du; era horretan jakin egingo da nork daukan atezaiko giltza.

Kopiak jasotzen dituenean, Udalak giltzaren eskaera egiteko epea zabalduko du. "Aurrez jakinaraziko dugu noiztik nora eskatu daitekeen. Baina eskaera egiten duenak idatziz giltza zertarako behar duen arrazoitu beharko du. Gero, Udalak erabakiko du giltza eman edo ez" . Udalak uste du 80 bat kopia banatuko dituztela.

Izarraitzeko pista markatzeko 100 lizar

Erloko antenaren mantenua daraman Uliazpi enpresako langileak egunero igotzen dira Izarraitzko pistatik gora antenara. Elurra egiten duen egunetan makina berezi batzuetan igotzen dira tontorrera. Makinak pista nondik nora doan jakiteko erreferentziak behar izaten ditu, hori dela eta baliza batzuk jartzeko proposamena egin zuen Uliazpik. Udalari ez zaio egokia iruditu balizak jartzea, "Xoxote balizaz jostea" ez baitzaie ongi iruditzen. Baina balizen ordez lizarrak landatuko dituzte pista bazterrean, "funtzio hori zuhaitzek bete" dezaten.

Orain 3-4 metro inguru dituzten ehun lizar sartuko dituzte, eta gero beste ehun sartuko dituztela aurreikusi dute. «Pistaren erditik gora sartuko ditugu lizar berriak, behe aldean batzuk ihartuta daude eta hoien lekuan ere berriak sartuko ditugu», diote Udaleko arduradunek.