Jose Anjel Aristi: "Aurten Inauterietan jendea nahiko jator portatu da"

Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 8a, 10:02
Jose Anjel Aristi, Azpeitiko udaltzainburua.

Gabonetatik hona herrian festa ugari izan dela-eta udaltzainek lan asko egin behar izan dute kalean

"Karnabaletan gauza asko galtzen ditu jendeak" dio Jose Anjel Aristi udaltzainburuak

Neguko festak bukatu eta eguneroko martxari heldu diote berriro udaltzainek. Gabonetatik hona herrian festa besterik ez dela izan dio Jose Anjel Aristi (Urrestilla, 1959) udaltzainburuak. Horregatik, "lana eta lana" besterik ez dute egin behar izan.

Inauteriak pasatu dira, sansebastianak eta gero. Hamabost egun hauetan nahiko lan, ezta?

Hamabost egun... Beno, niretzako gehiago izan da Gabonetatik gaur arte. Hemengo manifestazio, hango San Silbestre, Olentzero, erregeen zamalkada, sansebastianak, inauteriak... azkenengo hilabetean nahiko festa izan da eta nahiko lanpetuta ibili gara, bai.

Festa zer da zuentzako, udaltzainentzako?

Batik bat, lana da, eta tentsioa ere bai. Pertsonalki, niretzako aurretik egin beharreko lana gehiago da. Ekitaldi asko egoten dira eta niri dena aurrez lotuta edukitzea gustatzen zait. Seinalizazio berriak jartzen dira, autoentzako aparkaleku berriak irekitzen dira festa egunetan, sokamuturreko seinaleak banatu behar dira... prestakuntza asko eskatzen du festak. Behin festan sartuta ordu piloa sartu behar izaten dugu kalean.

Festetan-eta ordu gehiagoz lan egin behar izaten al duzue?

.19 udaltzain gaude guztira eta sansebastianetan, esaterako, lanorduen banaketa berezia egiten dugu: ekitaldi asko daude ordu gutxian eta kale asko zaindu beharra dago. Sansebastianetan %80k lana egiten dugu ordu zehatz batzuetan. Inauterietan denok etortzen gara lanera, baina bakoitza bere txandan, ordutegi berezirik ez baitugu izaten.

Zer eratako gertaerak izaten dira Inauterietan? Esaterako, saninazioetan kartera asko lapurtzen direla-eta salaketa asko izaten da.

Inauterietan kartera lapurretarik ez da gertatzen; ez dakit zergatik, baina horrelakorik ez da izaten. Hori bai, jendeak gauza asko galtzen ditu: karterak, giltzak... Jendeak burua galtzen du, eta gauza asko galtzen ditu.

Aurten zer moduz joan dira Inauteriak?

Aurten Inauteriak nahiko lasaiak izan dira. Jende asko ibili da eta jendea nahiko jator portatu da; giro onean, gertaera gutxi egon dira. Bi gertaera bakarrik izan dira inauterietan: bata, bi koadrilen arteko borroka Errebalean; hasi taberna batean eta beste batean jarraitu zuten; udaltzainak joan eta, behintzat, kontua baretu zen. Eta, bestea, Fideon ere bi lagunen artean beste borrokatxoren bat gertatu zen. Horiek denak edanak ekartzen dituen kontuak dira. Gero, astearte goizaldean, uste dut gure txanda aldaketa aprobetxatuz, Santiago kaleko plastikoen edukiontzia erre zuten, goizeko 06:00etan. Suhiltzaileek itzaldu zuten. Gertaera horiek alde batera utzita, nahiko baketsu joan dira festak.

Udaltzainoi sokamuturrak lana ematen al dizue?

Bai noski. Hemen sokamuturrak ibilbide luzea dauka. Zezena ibiliko den ibilbide guztia garbitu behar izaten dugu. Hau da, aparkalekuak hutsik egon behar dutela bermatu behar dugu eta kaleetan ere autorik ez da egon behar aparkatuta. Horrek lan handia ekartzen du. Gero, zezena dabilen garaian adi egon behar da inor autoarekin sartu ez dadin zezenaren ibilbidean; hamar begirekin adi egon behar da, zezena etorri aurretik haren pausoak garbi daudela bermatzeko. Horrek nahiko lan ematen du.