Seigarren Kulturaldia, Uztarria Kultur Koordinakundearen hamargarren urteurrenean

Uztarria.eus 2008ko ots. 9a, 15:02
Enekoitz Esnaola (Uztarria Kultur Koordinakundeko talde eragileko kidea), Boni Alegria (Lakrikun antzerki taldea) eta Olatz Prat (Karelean musika taldea), gaur (larunbata), seigarren Kulturaldiaren aurkezpenean.

Otsailaren 15ean hasiko da eta martxoaren 8an bukatuko, Uztarriaren ekitaldi batekin

Musika, antzerkia, euskara ekimenak, bertsoak... egongo dira, eta Uztarriak azkeneko egunean emango du bere gogoetaren berri

Aurten berriro antolatuko du Uztarria Kultur Koordinakundeak Kulturaldia, elkartearen beraren hamargarren urteurrenean. Otsailaren 15ean hasiko da eta martxoaren 8an bukatuko, Uztarriaren ekitaldi batekin.

Hain zuzen ere, aurtengoa seigarren Kulturaldia izango da. 2002ko otsailean eta martxoan antolatu zuen aurrenekoa. Orduko hartan, kultur etxe baten beharra azpimarratu zuen. "Bistan da gauzak aldatu direla Azpeitian, Soreasun eta San Agustinpeak kultur guneak egiten ari direlako", esan dute gaur (larunbata) Kulturaldiaren aurkezpenean Olatz Prat Karelean musika taldeko kideak, Boni Alegria Lakrikun antzerki taldekoak eta Enekoitz Esnaola Uztarriako talde eragilekoak.

Orain artekoetan bezala, ahal den Kulturaldirik "pluralena" antolatzen saiatu dira, "bai arlo aldetik, baita taldeen parte-hartze aldetik ere".

Kulturaldiko egitaraua

Otsailak 15 (ostirala). Haur antzerkia: Hitzen lapurra. Bertsotxongiloak. 17:30ean hasiko da, Ludotekan —Iturri-Txikin—, Ttinbili-Ttanbala taldearen eskutik. 3-8 urte bitartekoentzat izango da, eta Ludotekarekin batera antolatu du Uztarriak. Sarrera, doan.

Otsailak 20 (asteazkena). Euskara hitzaldia. Joxe Mari Elosua Egunkaria auziko abokatua. 20:00etan, Aitonena I-en. Otsailaren 20an bertan bost urte beteko dira Egunkaria itxi zutela.

Otsailak 23 (larunbata). Euskarako ohorezko bazkidea. 12:00etan, Aitonena I-en. Orduan esango dute zein den ohorezko bazkidea.

Martxoak 1 (larunbata). Bertsolaritzari buruzko liburuaren aurkezpena. 12:00etan, Aitonena I-en. Kepa Urbietak egin du liburua. Herriko bertsolarien pasadizoak ekarriko ditu liburuak.

Martxoak 7 (ostirala). Jaialdia Gaztetxean. 22:30ean. Herriko taldeek hartuko dute parte. Pare bat orduko saioa izango da, eta sarrera, doan. Uztarria Kultur Koordinakundea 1998an sortu zuten herriko euskara eta kultur taldeek, eta orduan jendaurreko aurkezpena jaialdi baten bidez egin zuen, Azoka Plazan. Orduan bezala, herriko taldeekin jaialdia antolatzea erabaki du. Hauxe egongo da martxoaren 7an:
- Musika. Mondocane taldea.
- Antzerkia. Lakrikun taldearen esketxak.
- Musika. Karelean: Olatz Prat eta taldea.
- Soinua eta txistua. Saioa Lizarralde, Lurdes Alkorta, Aitor Alkorta eta Garikoitz Mendizabal.
- Bertsoak. Jokin Uranga, Beñat Lizaso eta Haritz Etxeberria.
- Losintxa lehiaketa. Sari ematea eta losintxen proiekzioa.
- Musika. Zubizarreko talde bat.

Martxoak 8 (larunbata). Uztarriaren ekitaldia. 12:30ean, Betharrametan. Bideoa botako du koordinakundearen hamar urteko ibilbideaz, elkartearen gogoetaren berri emango du…

Uztarriaren gogoeta

Uztarria Kultur Koordinakundeko taldeak eta kideak hamar urte hauen balorazioa egiten ari direla jakinarazi du Esnaolak, zer egoeratan dauden baloratzen eta zer neurri hartu pentsatzen.

Euskara, Kultura eta Komunikazioa arloak lantzeko sortu zuten Uztarria 1998an, arlo horietan "egoera minimoaren azpikoa" zelako (ikusi horretaz Esnaolaren iritzia Uztarria aldizkariaren 2008ko otsaileko zenbakian).

Orain Azpeitian "bestelako egoera" dagoela uste du Uztarriak, "oinarrizko plataformak, etorkizuna eraikitzeko zutabeak badaudelako: bilguneak, proiektuak, baliabideak. Horiei heldu, eta hobetzea eta edukiz jaztea da orain kontua".

Gogoetaren berri martxoaren 8ko ekitaldian emango dute.

Urola Kostako Hitza

Kulturaldiko ekitaldien berri.
- Haur antzerkia
- Joxe Mari Elosuaren hitzaldia
- Julian Bereziartua ohorezko bazkide
- Oroitarri bertso liburuaren aurkezpena
- Jaialdiko eta ekitaldiko irudi bilduma.
- Uztarriak ekitaldian emandako mezua.