Tere Ezeiza: "Iraila edo urria aldean hasten dira trajea egiteko txanda eskatzera etortzen"

Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 1a, 11:02
Tere Ezeizari josteko afizioa umetatik datorkio.

Jostuna Josteko orratza eta haria dira Tere Ezeizaren lanerako lanabesak

Txikiteo Eleganterako makina bat soineko josi ohi du

Tere Ezeizaren (Tolosa, 1965) etxean ez dira falta orratza eta haria. Jostuna da ogibidez. Puntuak bata bestearen atzetik josteko afizioa umetatik datorkio, aurreneko lardaskeriak txikitako panpinei egin zizkien. Denboraren poderioz, josteko duen dohania artelan bihurtu du.

Noiz hasten zara eleganteen trajeak josten?

Gabonak arte baserritar trajeak josten aritzen naiz, eta Gabonen ondoren hasi ohi naiz Eleganteen trajeekin. Jendea baserritar traje arruntekin ez da konformatzen jada, eta zerbait desberdina nahi izaten dute santotomasetarako.

Zenbat elegante traje egingo dituzu?

Urtero bost edo sei traje josi ohi ditut, baina aurten ez dut trajerik egin. San Sebastianetan danborradarako Mikeleteen 50 traje banan-banan josi ditut. Betekada ederra hartu dut horiekin eta Elegante Eguneko trajeentzako denborarik ez dut izan apenas. Normalean, ordea, iraila-urria alderako trajeak josteko txanda hartzera etorri ohi da jendea. Aurten askori esan behar izan diet ezezkoa, oso lanpetuta bainebilen.

Eta, hemen duzun traje hau?

Beno, konponketak egiteko pare bat traje baditut. Estutzeko, zabaltzeko... Denborarekin jendea modelu berarekin nazkatu egiten da eta aldaketak egiteko ekartzen dute, aplike batzuk jarri edo beste tela bat sartu... Horrelako saltsak ari naiz egiten.

Traje bat egiteko orduan nondik hartzen dituzu ideiak?

Nik, normalean, antzinako trajeen liburu bat uzten diet etxera eraman dezaten, begiratu eta ideia bat egiteko. Igoal aukeratzen dute traje baten gona, beste baten goikoa... edo, bestela, bat oso-osorik dagoen bezala gustatzen zaie.

Behin modeloa aukeratutakoan tela aukeratu beharko da, ezta?

Hala da. Batzutan neronek laguntzen diet erostera. Lau metro eta erdi inguru tela behar da. Horrekin egin ohi da trajea, poltsa eta txapela edo bururako aplike bat.

Zein kolore dago modan?

Gustuen arabera. Lehenago beltza eramaten zen erabat. Orain, ordea, granatea, urdina, berde... denetik dago. Hori bai, nik soinekoa baino bi piezako trajea egiteko aholkua ematen diet. Gutxiago aspertzen da bi piezakoarekin. Gainera, aldaketak egiteko garaian aukera gehiago dago. Gainontzean, bi piezetako trajeei dagokienez, denetarik eramaten da: gona lisoa eta goikoa marrazkiekin, edo alderantziz.

Behin tela eskuartean dugunean, orduan zer?

Neurriak hartzen dizkiot modeluari eta neurri horiekin patroiak ateratzen ditut telan. Ondoren, mahaian patroi horiek mozten ditut eta zati horiek denak puzzle bat bezala josi eta ilbanatzen ditut. Gero, behin trajea muntatuta dudanean, modeluari jantziarazi egiten diot. Gustura gelditzeko azken ikutuak eman eta dena josi egiten dut. Gero, erabat bukatzerako eta apaingarriak erabakitzeko, beste proba bat eginarazten diet.

Gizonezkoen trajerik egin al duzu?

Trajerik ez dut egin, konponketak-eta bai, ordea. Gazte batek aitonaren txalekoa eta galtzak zeuzkan eta haiek egokitu dizkiot bere neurrira. Normalean, ordea, dendetara joaten dira, telatan gastatuko luketenarekin han traje oso bat baitaukate.

Zenbat kostatzen da emakume baten trajea?

250-300 euro inguru kostatzen da jostea, eta beste 60 eta 120 euro artean tela. Telaren arabera, batetik bestera sekulako aldea egon ohi da, kalitatean.

Mozorroak ere egiten dituzu, ezta?

Normalean eleganteen trajeekin azken egunerarte lanpetuta egon ohi naiz eta ez ditut egiten mozorroak. Baina, aurten eleganteen trajerik egin ez dudanez ,mozorroak egin ditut. Bi Argitxo edo euskal ipotx egiten ari naiz; beste hiru pinguino ere josi ditut.

Nolatan hasi zinen josten?

Txikitan ileapaintzailea edo jostuna izan nahi nuela esaten nion amari. Umetan sekulako lardaskeria pila egiten nizkien panpinei. Jantzigintza eta ohialen mozketa titulua atera nuen hiru-lau bat urtez Tolosako akademia batean. Aenarra azpeitiarra dut eta, hona etorri ginenean, akademi bat jarri nuen etxean bertan.

Josi duzun trajerik bitxiena zein izan da?

Ezkondu nintzenean nire soinekoa eta gizonaren trajea neuk josi nituen, sekulako ilusioarekin.

Zerk eman dizu lanik gehiena?

Dudarik gabe, San Sebastianetako Mikeleteen 50 traje jostea izugarrizko lana izan da.