Abian da martxoak 8rako kartel lehiaketa

Uztarria.eus 2008ko urt. 30a, 13:01

Emakumearen nazioarteko egunari begira, Urola Kostako Koordinadora Feministak antolatu du ekimena

Otsailaren 17a baino lehen bidali beharko dira kartelak

Egun seinalatua da martxoaren 8a munduko egutegietan; emakumearen nazioarteko eguna aldarrikatuko da egun horretan. Horren harira, Urola Kostako Koordinadora Feministak abian jarri du aurten ere martxoak 8rako kartel lehiaketa.

Aurtengo kartelen artean lemak garrantzia izango duela azpimarratu dute ekimenaren antolatzaileek. Dena dela kartelaren estiloa librea izango da, beti ere gaitzat emakumeen eskubideen aldarrikapena oinarri hartuta. Horrez gain, A 3 formatuan entregatu beharko dira egindako lanak eta zuriaz gain, bi kolore erabilita.

Otsailaren 17a baino lehen

Otsailaren 17a baino lehen bidali beharko dira kartelak honako helbidera: Urola Kostako Emakume Taldea, 139 posta kutxa, 20720 Azkoitia (Gipuzkoa). Kartela eta datu pertsonalak kartazal batean entregatu beharko dira eta lema berriz, azalean idatzi beharko da.

Saria nekazal-etxe batean asteburua

Kartel lehiaketaren irabazleak, bi lagunentzako nekazal-etxe batean asteburu-pasa jasoko du sari gisa.