Nerea Etxeberria azpeitiarrak irabazi zuen joan den igandean jokatutako Idiazabalgo XXVIII. Herri Krosa. 40:56,10 denbora eginda burutu zuen Etxeberriak 10,4 km luzeko proba. Bigarren emakumea ere azpeitiarra izan zen: Nerea Aizpuru. Etxeberriak minutu eta 40 segundoko aldea atera zion Aizpururi (42:31).
Etxeberria pozik agertu zen lortutako emaitzarekin, baina batez ere, giroa eta antolakuntza ona azpimarratu zituen. "Beste lasterketa batzuetan, aurrenekoek hartzen dute garrantzia, baina hemen denek dute garrantzia bera; sariak ere berdinak dira denentzat. Hori gustatzen zait gehien".
Lehendik ere ezagutzen zuen Idiazabalgo proba Etxeberriak, baina aurten hartu du parte lehendabiziko aldiz. "Txikitan atera nintzen, eskolarteko mailan. Iaz, berriz, ikustera etorri nintzen eta aurten animatu egin naiz parte hartzera". Eta, esperientzia ikusita, datorren urtean errepikatzeko prest dagoela azaldu zuen korrikalari azpeitiarrak.
Gizonezkoetan Ziani garaile
Gizonezkoetan Kamel Ziani oriotarrak irabazi zuen lasterketa. 32:26,99ko denbora egin zuen oriotarrak eta minutu eta 20 segundoko aldea atera zion bigarrenari.