Iñaki Errazkin, EAE-ANVko hautagai Espainiako Kongresurako

Uztarria.com 2008ko urt. 28a, 19:01

Azpeitiko alkatea seigarren lekuan dago zerrendan

Martxoaren 9an izango dira hauteskundeak

EAE-ANV alderdiak Espainiako hauteskundeetara aurkeztuko dela iragarria du -martxoaren 9an izango dira Kongresuko eta Senatuko bozak-, eta Iñaki Errazkin Azpeitiko alkatea hautagai izango da. Hain zuzen, Kongresuko zerrendatan seigarren lekuan.

Atzo (igandea) aurkeztu zituen EAE-ANVk Gipuzkoako zerrendak, Hernanin, eta Errazkinek Kongresukoan aurretik izango ditu, hurrenez hurren, Miren Legorburu (Hondarribiko zinegotzia), Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (1986an eta 1989an Espainiako senatari hautatu zuten HBtik), Agurne Barruso Bergarako alkatea, Pedro Mari Peñagarikano (Anoetako alkatea) eta Maider Ziganda (Pasaiako alkatea).

"Euskal Herriaren hitza eta independentziaren aldarria" Madrilera eraman nahi ditu alderdiak. "EAJk Euskal Herriaren aldeko bideari uko" egin diola salatu du. "EAJk eta Nafarroa Baik, zoritxarrez, beste iruzur bat egin nahi diote berriro Euskal Herriari, ondoan PSOE dutela".