Ekin danbor hotsari

Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 19a, 12:01

Mila lagunetik gora irtengo dute gaur (larunbata) helduen danborradan, 22 taldetan banatuta

Basazabalek eta Ziripotek lehen aldiz aterako dute

Mila lagunetik gora irtengo dute gaur helduen danborradan. Gastadoreez gain, 21 danbor-jotzaile talde aterako dira. Bik aurreneko urtea izango dute, gainera: Basazabal Elkarteak eta Ziripot Elkarteak. Aurrenak sukaldariz jantzita irtengo dute eta bigarrenak, berriz, mikeletez.

Danbor-jotzaileen festa 22:15ean hasiko da Olazko Amaren plazatik kalean behera; orduantxe hasiko da helduen danborrada sansebastianetako doinuak jotzen. Eguraldi ona egingo duela iragarrita dago, beraz ez da uste zirarik-eta beharko denik. "Astebururako eguraldi ona iragarri dute; ea hala den eta jai eder bat igarotzeko aukera daukagun", dio Mikel Ibarzabalek, Udaleko Festa batzordeburuak.

Aurten, inoiz baino entsegu gehiago izan dituzte helduen danborradakoek; beste urteetan lau egiten badituzte, aurten sei. "Entseguak oso ondo joan dira. Aurten, gainera, besteetan baino gehiago egin ditugu, talde berriek hala eskatuta. Nik uste dut entseguetan bide horri heldu behar diogula eta, denborarekin, sansebastinetako diskoko doinu guztiak jotzera heldu beharko genukeela", dio Ibarzabalek.

Festa antolatzeko eta girotzeko kontuak "martxa onean" joan direla dio Festa batzordeburuak eta, alde horretatik, "gustura" dago. Bere nahia gaur hasiko den jaia «giro ederrean eta bakean» pasatzea dela dio. "Halaxe opa diet, gainera, herritar guztiei, sansebastianak ondo-ondo pasa ditzatela".

Ohi bezala, jendartean danborradari pasoa zabaltzen gastadoreak joango dira; hauek Artetxeneko aurretik irtengo dira. Alde zaharrean kalejiran ibili eta Soreasuko Sebastian Donearen parrokiaren atarian Martxa San Sebastian eta Soreasuko Sebastian piezak joko dituzte talde guztiak batera. Gero, berriro kalean gora hartu eta herriko plazara abiatuko dira taldeak. Gauerdirako plazan behar dute denek. Plazan joko diren piezak zazpi dira: Martxa San Sebastian, Soreasuko Sebastian, Diana, Idiarena, Diana Txikia Txokolo, Mandioko Polka eta Agurra.

Bandera igoera, desberdina

Behin talde guztiak herriko plazan daudenean, talde guztietako banderadunak udaletxeko balkoira igoko dira, eta San Agustineko kanpaiek gauerdia ematearekin batera, bandera igoko dute.

Orain arte San Sebastian bezperan herriko bandera alkateak igo izan du, baina aurten ez du alkateak bakarrik egingo, Itsasiko danborrada taldekoak eta Jose Luis Frantzesena musikaria izango ditu lagun. Udalak hartu du erabaki hori, "danborradaren parte diren herritarrei parte hartzeko aukera emateagatik".

Helduen danborradako Itsasi taldeak aurten 25 urte beteko ditu danborradan parte hartzen eta, horregatik, bandera igotzeko aukeratu ditu Udalak. Jose Luis Frantzesena, berriz, «danborradako piezak egiten eta Udal Musika Banda zuzentzen egindako lanagatik» aukeratu dute. Behin bandera igota, danbor festak jarraitu egingo du.

San Sebastian bezperako danborradan 22 talde
- 1. Gastadoreak.
- 2. Landeta (upelak).
- 3. Alkartasuna (danborrak).
- 4. Itsasi (danborrak eta upelak).
- 5. Harkaitza (danborrak).
- 6. Amnistia (upelak).
- 7. Arrantzaleak (danborrak).
- 8. Gure Ametsa (upelak).
- 9. Ardozaleak (danborrak).
- 10. Mendizaleak (upelak).
- 11. Barratsu (danborrak).
- 12. Zezenzaleak (upelak).
- 13. Barrenetxea (upelak eta danborrak).
- 14. Oilo-Soro (upelak).
- 15. Irrintzi (danborrak).
- 16. Txalintxo (upelak).
- 17. Arauntza (danborrak).
- 18. Sanjuandegi (upelak).
- 19. Izarraitz Txoko (danborrak).
- 20. Zokoa (danborrak).
- 21. Basazabal (upelak).
- 22. Ziripot (danborrak).

2008ko sansebastianetako egitaraua

Urtarrilak 19 (San Sebastian bezpera)
- 22:15. Helduen danborrada. Olazko Amaren plazatik irtenda.
- 00:00. Bandera igotzea. Helduen danborradako talde guztiak herriko plazan bildu eta danborradako piezak joko dituzte.
- 00:30. Eroetxe txaranga eta Txatunga Benbe perkusio taldea, kaleetan.

Urtarrilak 20 (San Sebastian Eguna)
- 09:30. Goiz eresia, Izarraitz Txistulari Taldearekin eta Udal Musika Bandarekin. Ardozaleak eta Gure Ametsa helduen danborradako taldeen kalejira, Udal Musika Bandak lagunduta.
- 10:15. Udalbatza udaletxetik irten eta parrokiara joango da.
- 10:30. Soreasuko Sebastian Donearen parrokiatik irtenda prozesioa.
- 10:45. Meza nagusia, Sebastian Donearen parrokian.
- 12:00. Sokamuturra.
- 12:30. Haurren danborrada eta karroza, Aranetik eta Hartzubitik irtenda kalejiran.
- 16:00. Haur parkea, Olazko Amaren plazan.
- 16:30. Sokamuturra. Perez Arregi plazatik irtenda.
- 17:00. Pilota partidak, Izarraitz pilotalekuan. Aspeko pilotariak ariko dira. Lehen partida: Del Rey-Urberuaga bikotea Olazabal-Arruti bikotearen kontra. Bigarren partida: Capellan-Nalda III.a Uriarte-Zubieta bikotearen aurka.
- 18:30. Nahidekena txaranga eta helduen danborradako talde batzuk herriko kaleetan kalejiran ibiliko dira.
- 20:00. Kupela taldea, herriko plazan.
- 23:00. Helduen danborrada aterako da, bandera jaistean parte hartzeko.
- 00:00. Bandera jaistea. Gure Ametsa, Ardozaleak, Mendizaleak eta Barratsu taldeak eta Udal Musiak Banda. Herriko plazan.
- 00:30. Kupela taldearen emanaldia, plazan.

Urtarrilak 21
- 11:00. Haur eta gazteentzako zezen txikiak eta poniak, plazan.
- 16:30. Sokamuturra. Perez Arregi plazatik irtenda, 20:00ak ingurura arte.
- 16:30. Nahidekena txaranga ibiliko da kalejiran.