Itsasi, 25 urte danborradan

Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 19a, 12:01
Itsasiko helduen danborradako 1996ko nesken taldea.

Dantza taldeko helduen danborradako taldea hasierako urteetan bandera jaisteko ekitaldietan irteten hasi zen.

Hiru-lau urteren ondoren hasi zen San Sebastian bezperako danborradan parte hartzen.

Itsasiko helduen danborradako taldea gaur (larunbata) protagonista izango da. 25 urte beteko dituelako danborradan, batetik, eta alkatearekin eta Jose Luis Frantzesenarekin batera herriko bandera igoko dutelako, bestetik. Azpeitiko Itsasi Taldea 25 urte liburuan esaten denez, "Itsasi taldeak danborradako talde propioa atera zuen 1984ko urtarrilaren 20an, San Sebastian gauez, jaiei bukaera emateko herriko bandera jaisten lagunduz". Itsasikoek liburuan diotenez, aurretik irten nahi zuten danborradan, baina Udalak ez zien baimenik ematen, "plazan talde guztientzako lekurik ez zegoela argudiatuta".

Itsasikoek, ordea, danborradan parte hartu nahi zuten, eta ez zuten etsi. Hala, danborradako taldea osatu zuten, neskek upelak joaz eta mutilek danborra, eta San Sebastian Egunean Udal Musika Bandarekin batera irten ziren bi edo hiru urtetan. Liburuan diotenez, "bi edo hiru urtetan Itsasi bakarrik irten zen herriko bandera jaistera", eta ordutik mantentzen da helduen danborradako hainbat talde bandera jaistera irteteko ohitura. "Itsasi ez balitz hasi, egun horretan ez zuen inork ere irtengo eta, beraz, Itsasik lortu zuen ohitura hori indartzea".

Janzkera, historiari jarraituz

Neskak aguaderaz eta mutilak soldadu frantsesen janzkeraz ateratzen dira. "Historiak dioenez, soldadu frantsesak joaten omen ziren danborra joaz Donostiako neskak biltzen ziren guneetara; aguaderak ur bila iturrietara joan ohi zirenez, hara hurbiltzen omen ziren danbor-jotzaileak"; historia horretatik hartu zuten janzkeraren ideia Itsasikoek. Baina hasiera-hasierako urteetan "dirurik ez" eta mutilak baserritar jantziekin atera ziren, "Ingurutxoa dantzatzeko erabiltzen diren jantziekin". Baina neskak hasiera-hasieratik aguaderaz jantzita irten ziren.

Orain arte taldea zuzentzen Jose Ramon Berasategi Patxo-k eta Joseba Larrañaga Tolare-k jardun dute. Baina hasierako lau urteetan nesken taldeak euren zuzendari propioa izan zuen. Horretan jardun zutenak Urrategi Alberdi, Arantxa Odriozola eta Maria Jose Altuna izan ziren. Gaur egun nesken eta mutilen taldeek zuzendari bakarra dute, Joseba Larrañaga Tolare. Honek aurtengoa du azken urtea zuzentzen.

Joseba Larrañaga Tolare (Itsasiko helduen danborradako zuzendaria)

"Danborra jotzen eta zuzendari lanetan, gustura ibiltzen naiz bietan"

Joseba Larrañaga Tolare (Azpeitia, 1963) azken urteetan Itsasi dantza taldearen helduen danborradako taldearen zuzendaria izan da, baina aurten aterako da azkenengo urtez Itsasi zuzentzen. Taldeak 25 urte beteko ditu, baita Larrañagak ere danborradan parte hartzen: "25. urteurrenen honetan Itsasi zuzentzen ateratzea nahi nuen eta hala eskatu zidaten, baina datorren urtean Basazabalekoekin irtengo naiz".

Nolatan hasi zinen Itsasiko taldea zuzentzen?

Aurretik Jose Ramon Berasategik zuzentzen zuen Itsasiko helduen danborradako taldea eta berak utzi egin zuen. Orduan, taldea zuzentzea nahi al nuen galdetu zidaten eta baiezkoa eman nuen.

Zer duzu nahiago, zuzentzea ala danborra jotzea?

Biak. Bietan gustura ibiltzen naiz, bai danborra jotzen bai zuzentzen. Izatez festa ederra da eta, gustura.

Taldea zuzentzeko lan horretan zer da zailena?

Zailena? Jendeak kasu egitea. Orain, azken urteetan, pieza berriak sartu dira eta pieza berri horiek ikastea eta martxan zuzentzea da zailena. Aurrena ikasi egin behar dira, eta gero ondo zuzendu. Azken urteetan pieza berri asko sartu dira eta hoiek martxan jartzea izan da zailena.

Zuzendari izatea ardura handia al da?

Ez, ez. Jendeak normalean nahiko kasu egiten du.

Itsasiko danborradako taldearen kasuan, upelak eta danborrak daude. Nola zuzentzen da horrelako talde bat?

Nahasmen pixka bat izaten da. Upelak eta danborrak, biek elkarri erantzuten jotzen dutenean, nahasmen pixka bat sortzen da. Baina, Itsasi bandera jaistera irteten hasi zen, eta orduan upelekin eta danborrekin, biekin, irteten hasi zen. Bezperan ateratzen hasitakoan ere biekin jarraitu genuen.

Zuzentzeko piezarik zailena?

Berrietakoren bat... Txokolo-rena eta Soreasuko Sebastian; zailenak horiek biak, igoal.

Eta errazenak?

Betikoak dira errazenak, Hau dek hau, adibidez.

Zuk doinurik gustukoena zein duzu?

Betikoetan, Hau dek hau da politena eta berrien artean, Jose Luis Frantzesenak sortutako Mandioko Polka.

Bezperako danborradako unerik ederrena zein da zuretzako?

Bandera igoera, herriko plazan San Sebastian martxa jotzen dugun mementoa. Zalantzarik gabe, gainera.

Aurten Itsasi zuzentzeari utzi egingo diozu, ezta? Zergatik?

Bai, hala da. Gure elkarteak, Basazabalek, aurten irteten du aurrenengo aldiz helduen danborradan. Koadrila osoa han bazkide gara eta beste guztiek han irtengo dute danborra jotzen. Aurten Itsasik 25 urte betetzen dituenez danborradan, aurtengoa egingo nuela esan nuen, baina datorren urtean Basazabalekoekin irtengo naiz danborra jotzen.

Lekukoa hartuko dizunik ba al duzu?

Pentsatzen dut baietz. Aurrekoan ere galdetu nuen taldean eta uste dut izango dela bakarren bat.

Gainontzean sansebastianak gustuko festak al dituzu?

Bai, bai. Sansebastianak eta Inauteriak gustukoen ditudan festak dira, zalantzarik gabe, gainera; oso gustukoak.

Ezin hutsik egin, orduan?

Ez, ez. Ni neu Zumaian bizi naiz eta sansebastianetan, Karnabaletan, saninazioetan eta santotomasetan Azpeitian izaten gara, hutsik egin gabe.