Sansebastianetarako lanean

Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 18a, 11:01
Mireia Amenabar jostuna Basazabal Elkarteko kantineren jantziarekin.

Mireia Amenabar jaien bezperetan ere jaietarako hainbat arropa konpontzen ari da

Azaldu duenez, bere ogibideak lotura zuzena izan du helduen danborradarekin

Jostuna da Mireia Amenabar. Bere ogibideak lotura zuzena izan du sansebastianekin. "Profesional bezala nire lehen lana sansebastianetarako egin nuen, amak lagunduta", dio. Gastadoreen jantzi berriak egin zituen amarekin batera. Gero, gastadoreetako kantinerenak ere berak josi zituen. Jai bezperetan lanean jardungo du, baina bihar helduen danborradan danborra jotzen aterako da, Barrenetxea taldean. "Gure etxean danborrada bizi egin izan da beti. Festa honek duen gauzarik ederrenetakoa hainbeste herritarrek parte hartzea da; eta danborrada garaian herrian, kaleetan, sortzen den giroa". Parrokiaren aurrean eta herriko plazan San Sebastian martxajotzeko uneak ditu gogokoenak Amenabarrek; "kalean danborra jotzen jardutea baino gustukoago ditut bi memento horiek", dio.

Baina jaiak hasteko ordu gutxi falta diren arren, sansebastianetarako arropa batzuek konpontzeneta ari da oraindik ere: "Beti izaten da zerbait: xingola berriak jarri behar direla, arropan zerbait konpontzeko duela bateren batek... Beti dago azken orduko lan txikiren bat". Baina aurretik beste batzuk eginda ditu, esaterako Basazabal Elkartearen kantinera jantziak.

Moldatzeko moduko arropa

Basazabal talde berria da danborradan eta jantzi berriak egin ditu. Sukaldariz jantziko dira eta taldearen aurretik joango diren kantineren arropak egiteko eskatu diot. "Taldekoak gutxi gorabeherako idea batekin etorri zitzaizkidan, eta gero danbor-jotzaileen jantzien koloretan ere oinarritu naiz kantineren jantzia egiteko", dio. Gainera, beste kontu batzuk ere kontuan hartu behar izan ditu: «Pertsona askok jantziko duten arropa da eta josteko orduan hori kontuan eduki behar da, moldatzeko moduan egin behar baita".

Basazabal bezalaxe Ziripot taldeak ere aurten izango du aurreneko urtea danborradan. Mikeletez jantziko dira eta horien jantziak Tere Ezeiza jostunak josi ditu.

Jostunak lan askorekin dabiltza egunotan, "aurten jaia jaiaren gainean dugulako". Inauterietarako hamabost egun falta dira eta mozorroak, Txikiteo Elegante Eguneko trajea... prestatu behar. Orduan ere izango da zer konpondu.