Sahararen aldeko asteak "erantzun ona" jaso du

Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 15a, 11:01
Larunbatean Saharara bidaltzeko janaria bildu zuten, plazan.

Larunbatean janari "asko bildu" zutela azaldu du Elkartasun Astea antolatzen jardun duen lan taldeak

Janaria eraman duten guztiak "eskertu" nahi dituzte baina, batik bat, Gaztetxekoak

Sahararen aldeko astea antolatu duen lan taldea "gustura" dago herritarrengandik jasotako erantzunarekin. "Saharara joateko karabanarako janaria bildu den lehen aldiz izan da Azpeitian, eta merezi izan du. Janari asko bildu dugu eta ziur gaude saharar errefuxiatu kanpamenduetan asko eskertuko dutela hemen egindako ahalegina", diote.

Larunbatean bildu zuten Saharara bidaltzeko janaria. Janaria eraman duten guztiak "eskertu" nahi dituzte baina, batik bat, Azpeitiko Gaztetxekoak: "Herriko gazteek saharar herriari laguntza emateko egindako ahalegina aipatzekoa da; janari mordoa ekarri zuten Gaztetxekoek". Baina oraindik ere janaria emateko aukera badagoela nabarmendu dute: "Aste honetan ikastetxeetan bilduko dugu janaria. Beraz, Tindufeko (Aljeria) kanpamenduetara bidaliko den janari bilketan parte hartu nahi dutenek oraindik ere janaria emateko aukera dute".

Emandako janariarekin zer gertatzen den ere jakinaraziko dutela azaldu dute Sahararen aldekoek: "Guk ahal dugun heinean segituko dugu karabanaren berri ematen, herritarrek jakiteko emandakoarekin zer gertatzen den".

Elkartasun astea bukatu ondoren, antolatzen lagundu dutenak eta Udala eskertu nahi izan ditu antolatzen jardun duen lan taldeak. "Sahararen aldeko astean parte hartu duten guztiak eskertu nahi ditugu: hitzaldietara etorri direnak, janaria ekarri dutenak, Udala, ludotekako haurrak, marrazkiak egin dituztelako...".