Hasi dira entzuten aurtengo aurreneko danbor hotsak

Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 10a, 12:01
Goiko argazkian, herenegun, helduen danborradako lehen entseguko irudia. Behean, Garmendia herenegun Izarraitz pilotalekuan, danborradako entseguan.

Helduen danborradako taldeek aurten sei entsegu egingo dituzte, 21:00etatik aurrera Izarraitz pilotalekuan

"Aurten entsegu gehiago jarri dira talde berriek eskatuta" zioen Mikel Ibartzabalek

Herenegun iluntzean entzun ziren lehen danbor hotsak herrian, sansebastianak gertu direla iragarriz. Helduen danborradako lehen entsegua izan zen Izarraitz pilotalekuan. Aurten sei entsegu izango dituzte, inoiz baino gehiago, bestetan lau egiten dituztelako. Dena dela, ez zen jende asko joan entseatzera, oraindik ere horretarako aukera badutelako. Hala ere, Izarraitz pilotalekuan izan zirenek esan zutenez, "entseguan jendeak oso ondo jo zuen danborra".

"Aurten entsegu gehiago jarri dira talde berriek eskatuta", zioen Mikel Ibarzabalek, Udaleko Festa batzordeburuak. Ziripot (danborrarekin) eta Basazabal (barrikarekin) dira helduen danborradako talde berriak. Entseatzera jende gehien ere bi talde hauetatik joan zen.

Hurrengo entsegua gaur izango dute eta falta direnak datorren astearte, asteazken eta ostegunean, 21:00etatik 22:00etara, Izarraitz pilotalekuan. Taldeetako zuzendariek, berriz, 20:00etan egiten dituzte entseguak, Udal Musika Bandaren lokalean, Aitonena Iean.

Haurrak datorren astean

San Sebastian Eguneko haurren danborradarako entseguak datorren astean egingo dituzte, astelehenean, asteartean, asteazkenean eta ostegunean, 16:00etatik 17:00etara, Izarraitz pilotalekuan.

Josu Garmendia, Egizale Landeta danborradako taldearen zuzendaria: "Zuzendari aritzeko konfiantza eta segurtasuna hartu behar ditut"

Josu Garmendia (Azpeitia, 1967) Egizale Landeta helduen danborradako zuzendari berria da, Eusebio Agotek talde hori zuzentzeari utzi eta gero. Iaz, "bero, bero" eginda zegoela agindu omen zuen bera izango zela zuzendari berria, eta orain bete egin behar emandako hitza. Garmendiaren ustez, zuzendari izatea "ardura handia" da, "etxean, kotxean... sansebastianetako diskoa entzun eta entzun ari naiz. Neure buruarekin konfiantza hartu beharra daukat".

Eusebio Agotek utzi eta zuk hartu duzu taldea zuzentzeko ardura. Nolatan?

Agotek urteak eman ditu Landetako taldea zuzentzen. Orain bi urte uzteko asmoa azaldu zuen, eta iaz ia derrigortuta irtenarazi genuen. Orain gazte jende asko zegoela taldean eta bere burua ez zuela ikusten zioen, eta halaxe utzi du. Nik, berriz, iaz bero-bero eginda irtengo nuela-eta jardun nuen esaten, eta aurten hitza bete behar. Orain dela bi hilabete danborradaren inguruko bilera egin genuen elkartean eta zuzendari izatea proposatu zidaten; iaz emandako hitza betez, baiezkoa eman nuen.

Orain arte beti danborra jotzen irten al duzu?

Hogei bat urte dira danborradan irteten hasi nintzela; soldaduska egin eta gero atera nintzen aurreneko aldiz. Beti Landetako taldearekin atera naiz, baina ez beti barrika jotzen. Taldeak gastadoreak ere baditu, eta hauek baserriko erremintekin irteten dute. Behin edo behin gastadore atera izan naiz, bi aitzurrekin: bat erreminta eta bestea neronek neramana. Desberdina da danborra jotzen edo gastadore irtetea: batean musikarekineta adi egon behar duzu; eta gastadoreen kasuan, berriz, jendea agurtuz-eta joan zaitezke.

Orain, berriz, zuzendari aterako zara. Dagoeneko entseguetan eta hasi zarete. Zer moduz?

Orain hasi naiz lasaitzen, baina orain arte nahiko gaizki, oso urduri. Aurreko batean elkartean bildu eta entsegu bat egin genuen; 15 bat lagun elkartu ginen. Oso urduri egon nintzen, ahoa lehor-lehor eginda eta besoak ezin nituen mugitu. Denak aurrean eta niri begira, oso gaizki pasatu nuen. Pilotalekuan egin dugun lehen entseguarekin lasaitu egin naiz. Hara joateko urduri nengoen, baina behin entseatu dugunean lasaitu egin naiz. Neure buruarekin konfiantza hartu beharra daukat.

Izarraitz pilotalekuko entseguez gainera zuzendarienak ere egiten dituzue. Ikasteko ondo, ezta?

Bai, bai, ondo etortzen dira horrelako entseguak. Konfiantza hartu eta segurtasuna eduki behar da, eta zenbait eta gehiagotan jardun entseatzen, hobe. Ni behin eta berriro danborradako doinuen diskoa entzuten ari naiz, autoan, etxean... Auotan hor joaten naiz diskoa jarrita eta besoa mugitzen. Batzuk uste dute kasu eginez edota agurtuz nihoala, baina ez, nire erara entseatzen joaten naiz.