Saharara bidaltzeko janaria bilduko dute larunbat honetan

Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 10a, 12:01
Azpeitian bizi den saharar bat tea egiten.

Elkartasun astearen barruan, hitzaldia eskainiko du bihar,Beñat Hach-Embarekek Betharram aretoan

Otsailean irtengo den Euskal Karabanarako janari bilketa 10:00etatik 20:00tara bitartean egingo da udaletxe azpian eta Sanjuandegin

Aurrera doa Azpeitiko herritar batzuek antolatutako Lehenengo Saharar Herriaren Aldeko Elkartasun Astea. Astelehenaz geroztik ostirala arte, argazki erakusketa ikusgai dago Betharram aretoan, 17:00etatik 20:00etara. Astean zehar egiten ari diren ekitaldiak ere Betharram aretoan ari dira egiten. Astelehenean, Zestoako Wadna eta Zumaiako Darahly sahararren aldeko elkarteetako kideek Saharan garatzen ari diren proiektuen berri eman zuten.

Atzo, Zine Foruma izan zen; Voces del Desierto filma ezaguna eskaini zuten, sahararren bizimodua gehiago ezagutarazteko.

Bihar, hitzaldia egongo da

Orain arte jende dezente ari da gerturatzen antolatu diren hitzaldietara. Hala ere, asteburuko bi hitzorduetara jende gehiago azalduko dela uste dute antolatzaileek. Bihar, Saharako egoeraren berri emango du Beñat Hach-Embarek euskaldun-sahararrak. Hitzaldia Betharram aretoan izango da, 19:30ean. Hach-Embarek-en aita Saharakoa zen eta bere ama euskalduna da. Bera, bere arreba Garazi eta euren ama hitzaldiak ematen buru-belarri dabiltza azken aldi honetan. Bihar, Hach-Embarek- ek emango duen hitzaldian Saharako egoeraren berri emango du.

Larunbatean, janari bilketa

Larunbatean janaria bilduz amaituko dute Elkartasun Aste hau. Urteroko moduan, otsailean irtengo den Euskal Karabanarako janaria bilduko dute herrian. 10:00etatik 20:00tara bitartean, euskal karabanan bidaltzeko janaria bilduko dute udaletxe azpian eta Sanjuandegin. Honako material hauek bilduko dira: arroza, dilistak, atuna, konpresak eta azukrea.

Eskualdeko elkarteak lanean

Sahararen aldeko elkarteak gero eta gehiago dira gure eskualdean. Azpeitiko Elkartasun Aste honetan parte hartzeaz gain, otsailean janariz beteta joango den karabanerako ere materiala bilduko dute hurrengo asteetan. Zumaiako Darahly elkartea bi helbururekin dabil lanean: giza laguntza eta sentsibilizazio kanpaina. Azken boladan auzolanak egiten ari dira Saharan eta, orain, eguzki-plakak eramango dituzte otsailean doan karabanan. "Saharako Zug herriarekin senidetuta dago Zumaiako herria eta hangoen eta zumaiarren arteko harremana gero eta handiagoa da" adierazi du Ibon Ibargurenek, elkarteko kideak. Horren adierazgarri da, Zumaiako 20 familia Zug herriko beste hogeirekin senidetu direla.

Zestoako Wadna elkarteak ere urteak daramatza sahararrei laguntzen. Zestoako herria Tislakin herri sahararrarekin senidetua dago. "Orain, bi proiektu ditugu martxan El Aaiun herrian; hango ur-hornikuntza hobetzen ari gara, baratze eta negutegiak eraikiz, eta bertako ospitaleetan laguntzen ere ari garA" azaldu du Antxelmo Astiazaranek, elkarteko kideak.

Saharautz, Zarauzko Sahararen aldeko elkarteak ere urteak daramatza sahararrei laguntza eskaintzen. Elkarteak, gehienbat, udan hona etortzen diren sahararren egonaldiak antolatzen ditu; Oporrak Bakean programari esker, Mendebaldeko Saharako haurrek uztailean eta abuztuan Euskal Herrira etortzeko aukera izaten dute. Bi hilabetez, gutxienez, hango egoera gogorra ahaztu eta poztasun pixka bat izan dezaten saiatzen dira elkartekoak, euren urteroko ekimen honen bideZ.