Haur parkeak iaz baino parte-hartzaile gehiago izan du

Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 8a, 11:01
Gabonetak haur parketik 1.900 haur pasatu dira.

Batez beste eguneko parkeko puzgarrietan 240 haur ibili da eta guztira 1.900 sarrera saldu dituzte

Orain, Zapo Txokotik antolatutako ikastaroei helduko diete

Gabonetako haur parkean iaz baino haur gehiago ibili da, batez beste eguneko 240 haur. "Iazko kopurua gainditu egin da aurten eta eguraldiaren arabera, parkera jende gehiago edo gutxiago joan da", dio Aloña Larrañagak, Gazteriako teknikariak. Iaz, sarrera ordainduta 1.500 lagun sartu ziren parkera eta aurten, berriz, 1.900.

Jende gehien Errege Egunaren aurreko aste horretan ibili dela diote parkearen antolatzaileek. "Haur gehien ibili den eguna urtarrilaren 3a izan da, 420 sartu baitziren parkera. Egun horretan ilara handiak sortu ziren puzgarrietan ibiltzeko. Errege eguneko aste horretan, batez beste, 300 lagun ibili da parkean eta aurreko astean, berriz, 125-200 lagun artean".

Sei puzgarri eta haur txikienentzako txokoa egon dira parkean. Lanean, berriz, zazpi hezitzailek jardun dute.

Orain ikastaroen txanda

Gabonetako ekitaldiekin bukatu ondoren, Zapo Txokotik antolatutako ikastaroei helduko diete orain Gazteria Saileko arduradunek. Hiru ikastaro antolatu dituzte: sabel dantza, hasiberrientzako sukaldaritza eta Linux. Gainera, ikastaro horietan izena emateko epea luzatu egin dute osteguna honetara arte.