Jaurlaritzak sokamuturra arautu nahi du eta Udalak alegazioak aurkeztu ditu

Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 7a, 12:01
Iazko karnabaletan sokamuturra plazan.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak zezenekin lotutako ekitaldietako araudiaren egitasmoa egin du

Udalak "partikular baten bidez" jakin du araudi proiektuaren berri

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Joko eta Ikuskizun zuzendaritzak zezenekin lotutako ekitaldiak arautuko dituen araudiaren proiektua egin du. Honek zuzen-zuzenean eragingo lioke sokamuturrari. Udalak "partikular baten bidez" jakin du araudi proiektuaren berri eta "presaka" Jaurlaritzan alegazioak aukeztu ditu. Udaleko Festa Batzordean eta Zezen Gorri Elkartean araudiak ezartzen dituen neurriekin kezkatuta daude, "sokamuturrean eragin zuzena izango luketelako".

Araudia martxan jarriko balitz "sokamuturra beste era batera antolatu beharko" litzatekeela diote Zezen Beltzekoek. Azpeitian sokamuturrak tradizio handia du. Imanol Elias idazle eta historialaren esanetan, "Azpeitiko sokamuturraren lehen datuak 1518koak dira". Azpeitiko Jaiak liburuan hau dio, "Azpeitiko sokamuturra aintzinakoa bada ere, hari buruzko lehen albiste berezia 1567an aurkitzen dugu, urriaren 14an agintariek hartutako erabakiaren ondorioz, zezenak kalera sokarekin lotuta atera beharko ziren".

Sokamuturraren araudi proiektuarekin kritiko azaldu dira Udalekoak eta zaletuak.

Mikel Ibarzabal, Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburua: "Araudia indarrean jarriko balitz kontuak ez dira samurrak izango"

Mikel Ibarzabal Festa batzordeburuaren iritziz, "araudia indarrean jarriko balitz kontuak ez dira samurrak izango". "Berandu jakin dugu araudiaren berri, EUDELetik ez zaigu ezer bidali eta beste bide batzuetatik jakin dugu horren berri. Sokamuturra egiten den herrietako Udaletara ere jo dugu eta haiek ere ez zekiten ezer araudiaz". Zezen Beltz Elkartekoekin eta sokamutilekin batera egin dituzte alegazioak Udalekoek. "Urteetan egin da sokamuturra herrian eta inoiz ez du arazo larririk sortu. Neurriak gehiegizkoak dira. Nola kontrolatu 16 urtetik beherakoak sokamuturrean dabiltzan edo ez? Hori ezinezkoa da".

Zezen Beltz elkartea: "EAEn 50 bat zezenketa egiten dira eta sokamuturrak milatik gora"

Araudi proiektuaren berri "berandu" jakin dutela dio Zezen Beltz Elkarteko batek, "EUDELek ez du honen berri eman eta nahiko isilik pasatu nahi izan dute. Partikular baten bidez jakin dugu guk". Zezenketen araudiaren baitan sokamuturra arautzea gaizki irizten diote zaleek: "Zezenketa plazan egiten da eta sokamuturra irekia da. Bestetik, Euskal Autonomi Erkidegoan zezenketen 50 ikuskizun egiten dira eta sokamuturra eta antzekoak milatik gora". Araudiak eskatzen duen ordutegia ere ezin dela bete diote.

Hurrengo sokamuturra sansebastianetan

Azpeitian hurrengo sokamuturra San Sebastian egunean izango da 16:30ean, ohi bezala Perez Arregi plazatik irtenda. 20:00ak ingurura arte kalerik kale ibiliko dira zezenak. Hilaren 21ean ere, Azpeitian jai izango denez, goizeko 11:00eta, zezen txikiak eta poniak egongo dira herriko plazan eta arratsaldean, berriz, sokamuturra 16:30etik aurrera.

Zezenketetako araudiaren proiektua

Kapeak eta antzekoak. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailburuordetzaren Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren araudi proiektuaren arabera, kapeak eta antzeko ikuskizunak egitea debekatuta egongo litzateke.

Araudiz kanpokoak. Araudia beteko ez luketen behi-aziendekin egindako ikuskizun eta ekitaldiak debekatzen ditu.

Zezenekin lotutako ekitaldi tradizionalak

Sokamuturra ekitaldi hauen baitan sailkatuta dute zezenketetako araudi proiektuan.

Baimena eskatzeko. Sokamuturra antolatzeko, gutxienez 10 egun lehenagotik baimena eskatzeko honako agiriak aurkeztu beharko dira, besteak beste:

  • Ekitaldia antolatzeko baimena, bertan antolatzailea zein den azalduz. Baita ordutegia eta ekitaldi mota ere.
  • Udalak emandako baimena eduki beharko da.
  • Ekitaldiak (sokamuturrak) irauten duen bitartean medikalizatutako bi anbulantzia egongo diren ziurtagiria.
  • Zezen kontuetan profesionala den pertsona batek edota ganaduzaleren batek sokamuturra zuzenduko duen konpromisoa azaltzen duen agiria. Sokamuturraren segurtasuna bermatuko dutenen zerrenda ere bai. Gutxienez hiru pertsonak parte hartu beharko dute horretan, eta kolore biziko besoko batekin edo antzeko seinaleren batekin bereiztu beharko dira jendartean.
  • Arkitekto baten agiria, ibilbidea sokamuturra egiteko moduan dagoela ziurtatuz.
  • Sokamuturraren memoria, ibilbidea-eta azalduz.
  • Kontratatutako aseguruen ziurtagiria.
  • Ganaduzalearen ziurtagiria, zezenek 310 kilo baino gehiago ez dituztela adieraziz.

Ordutegia. Beti egun argiz egin beharko dira sokamuturrak. 22:00etatik 08:00etara artean ezin dira antolatu.

Parte-hartzea. 16 urtetik behera dituztenek ezingo dute parte hartu sokamuturrean. Adin horretatik beherakoak ikusle bezala bakarrik parte hartu dezakete.

Ganaduzaleen alegazioak

Sokamuturretara zezenak ekartzen dituzten ganaduzaleek ere hainbat alegazio egin dizkiote araudi egitasmoari. Sokamuturra eta antzeko ekitaldietan parte hartzen duten profesional eta antolatzaile batzuk Bergaran bildu ziren eta araudi proiektua aztertu ondoren, alegazioak egin zituzten. Hona batzuk:

Ezaugarriak. Ganaduzaleen iritziz, zezenekin lotutako ekitaldi eta ikuskizun tradizionalek edota tradizioan oinarritutakoek (tartean sokamuturra legoke) ezaugarri bereziak eta propioak dituzte eta araudia egiteko orduan horiek ez dituzte kontutan hartu.

Araudia egiterakoan parte hartzerik ez. Tradizioan onarritutako ekitaldietako profesionalek edota antolatzaileek ez dute parte hartu araudiaren proiektua egiteko orduan, eta hori kritikatu dute ganaduzaleek. "Gure interesak eta iritziak ez dituzte kontutan hartu, araudia egiterakoan ez dugulako parte hartu". Araudia egiteko oinarri hartu diren azterketak, informeak, kontsultak eta eztabaidak jaso nahi dituztela azaldu dute Jaurlaritzako Herriraingo sailean.

Araudi proiektua. Zezenekin lotutako eta tradizioan oinarritutako ekitaldien araudi proiektua "gehiegizkoa eta murriztailea" dela uste dute ganaduzaleek. Ezarri nahi dituzten neurriak gehiegizkoak direla diote ganaduzaleek: "Batik bat, anbulantzia, seguru eta fiantza aldetik eskatzen direnak gehiegizkoak dira. Era honetako ekitaldiek duten arriskua kontutan hartuz gero".

Azpeitiko udalak araudi proiektuari egindako alegazioak

Usadioa. "Azpeitiko herriaren usadioetako bat da, negu partean San Sebastian jaietan eta Inauterietan, eta udan saninazioetan sokamuturra kalera ateratzea. Ikuskizun honetan, herritar orok parte hartu dezake, eta zezenarekiko errespetua beti ardatz izanda, sokamutilek herriko kaleetan zezen koskorrak eta ikuskizunean parte hartzen duten herritarrak bideratzen dituzte, ordu batzuetan".

Udalaren ustez kontutan hartu beharrekoak:

Animalien pisuaz. "Araudiaren egitasmoak animalien pisuak gehienez 310 kilokoa izan behar duela arautzen du. Hala ere, Udaleko Festa Batzordearen eta batik bat sokamuturrean aritzen diren sokamutilen iritziz, sokamutrrerako animalien pisu egokia 380 kilo izango litzateke. Pisu gutxiagoko animaliak indarrik ez lukeelako izango ohiko ibilbidea egiteko eta ezta parte hartzen duen jende multzoari aurre egiteko ere".

Ordutegiaz. Araudiaren egitasmoak ikuskizunaren ordutegia egun argiz egitera mugatzen du, bere osotasunean. "Azpeitian ezin dugu ordutegi hori bete, sokamuturrak batik bat neguko festetan egiten direlako. Sansebastianetan eta Inauterietan 16:00etatik 20:00ak arte eta goizeko partean 07:00etatik aurrera. Kontuan izanik negu partean 17:30ak inguruan iluntzen duela, araudiak dioena bete beharra izanez gero, ezin izango litzateke orain arteko usadioarekin jarraitu".

Parte-hartzeaz. Araudiak parte-hartzaileek gutxienez 16 urte izatea eskatzen du. "Azpeitian sokamuturrak irekiak dira eta zaila da jendearen parte-hartzea kontrolatzea. Alderdi hori Udalak eta sokamutilek bermatzen badute ere, osotasunean beteko dela ezin da ziurtatu. Gainera, herriko usadioak jarraitzeko, ezinbestekoa da gazteen zaletasuna sustatzeko ikuskizun hauetan parte hartzea. Udalak eskatu nahi du, dekretu egitasmoak jaso dezala, herritar gazteek ikuskizun honetan ere parte hartzeko aukera izan dezatela".

Anbulantziez. Araudi egitasmoan esaten denez sokamuturra bezalako ekitaldietan bi anbulantzia medikalizatuk egon beharko dute. Udalaren esanetan, eskaera hori "bat dator Udalaren helburuekin". "Baina, kontuan izanik herrian bertan anbulatorioa dugula, behar bezala medikalizatutakoa, gure iritziz anbulantzia medikalizatu bat eta lekuz aldatzeko beste anbulantzia normala bat jartzeak bermatuko luke osasun zerbitzu hori".