Iñaki Badiola Realeko presidentegaia Azpeitian izan da, hauteskundeetarako babesa jasotzen

Uztarria.eus 2007ko abe. 30a, 14:12
Iñaki Badiola Realeko presidentegaia, gaur, Aitonena I-en, mahai gainean jarrita.

Aitonena I-en egon da gaur (igandea) eguerdian, eta aretoa leporaino bete da; bere proiektua azaldu du, eta El Diario Vasco Francorekin eta "Siziliako mafiarekin" konparatu du

Urtarrilaren 3an izango dira hauteskundeak eta, oraingoz, hura da hautagai bakarra

Iñaki Badiola Realeko presidentegaia Azpeitian izan da gaur (igandea) eguerdian, Aitonena I-en, klubaren administrazio kontseiluaren hauteskundeetarako babesa jasotzen. Hain zuzen, urtarrilaren 3an izango dira hauteskundeak eta, oraingoz, hura da hautagai bakarra. Bere taldeko kide batzuekin izan da herrian gaur.

Aitonenako aretoa leporaino bete da (70 bat lagun). Badiolak bere proiektua azaltzeaz gain, gogor egin du El Diario Vasco egunkariaren kontra. "Adostasuneko zuzendaritza eskaini zidaten Santo Tomas egunean egindako bileran: euretako bat Realeko lehendakari izatea eta ni kontseilari. Ezetz esan nien, jakina. Harrezkero, gure proiektua kaltetzen ari da egunkari hori". El Diario Vasco-ren jokabidea Francisco Franco espainiar diktatorearekin eta "Siziliako mafiarekin" konparatu du.

Hona etorri aurretik, Azkoitian izan da, eta Azpeititik Pasaia, Orereta eta Donostiara (Altza auzora) joango da.

Donostiarra da Badiola eta 42 urte ditu, enpresaria da, eta ez daki euskaraz. Hauteskundeetarako sortu duen web orria gazteleraz dauka ia erabat. "Euskara ikastea da nire erronka", esana du.

Ansoaldek utzi egingo du

Gaur egun azpeitiar bat dago Realeko administrazio kontseiluan: Luis Ansoalde. Uztarria herri aldizkariaren iazko abenduko zenbakian Realeko bederatzi bazkide azpeitiarrek eta bi jarraitzailek galderak egin zizkioten hari eta, zioenez, orduan klubean 283 azpeitiar bazkide zeuden. Ez da jakina Azpeitiko zenbat akziodun dauden.

Ansoaldek ez du karguan segituko, ezta gaurko zuzendaritza taldeak ere. 2005eko ekainean hartu zuten ardura, eta azpeitiarra hilabeteetan administrazio kontseiluaren bozeramailea izan da.