Onartu dituzte 2008ko udal aurrekontuak, aurreko inbertsio handiek “baldintzatutakoak”

Urola Kostako Hitza 2007ko abe. 29a, 20:12
Udal aurrekontuei buruzko taula.

EAE-ANVk, EAk eta Aralarrek osatutako udal gobernuak alde bozkatu du, eta EAJ abstenitu egin da

Aurrekontu osoa 24,5 milioi eurokoa da

Ostegunean onartu zituzten 2008ko udal aurrekontuak onartu ziren, EAE-ANVren, EAren eta Aralarren aldeko botoekin (beraiek osatzen dute udal gobernua, ekainetik). EAJko zinegotziak abstenitu zuten. Udalaren datorren urteko aurrekontu osoa 24.586.548 eurokoa da, eta aurrekontu propioa, berriz, 20.359.505 eurokoa.

Udal aurrekontua “aurreko urtean egindako inbertsioek baldintzatu” dutela azaldu du Xanet Esnaolak (EAE-ANV): “Inbertsio hauei eta sortu ziren aurrekontu desorekei erantzuteko aurten mailegu inportantea eskatu behar izan du Udalak. Mailegua Udalaren zorpetze maila ez igotzeko ere eskatu zen. Inbertsio hauek bukatu egin behar direla uste du Udalak eta 2008ko aurrekontuek inbertsioei erantzungo die”. Manuel Unanue zinegotzia (EA) ere bat etorri da Esnaolaren azalpenarekin.

Aurtengo udal aurrekontua baino txikiagoa da 2008koa. Aurrekontuak egiteko modua aldatu egin dute. “Daukagun diruarekin jokatu nahi izan dugu 2008ko aurrekontuak egiteko orduan. Gero, martxoan, aurtengo likidazioa egiten denean, eta diru laguntzen kopurua zenbatekoa den jakiten dugunean, beste inbertsio batzuetarako zenbat diru daukagun jakingo dugu. Orduan jakingo dugu Udalak zenbat diru daukan eta oinarri erreala zein den”, azaldu du Esnaolak 2008ko udal aurrekontuak nola egin dituzten azaltzeko orduan.

Lau puntutan “ados ez”

EAJ abstenitu egin da 2008ko udal aurrekontuen bozketan eta horren arrazoiak Julian Eizmendi zinegotziak azaldu zituen udalbatzarrean.

Datorren urterako aurreikusitako lanen inguruan bi kontu aipatu zituen: “Betharramdarretako igogailua ez dago sartuta eta proiektua eginda dago. Gure ustez, datorren urtean egin beharreko lan bat da, eta hasita egon behar zuena dagoeneko”. Ikastetxe publikoetako lanen ingurukoa zen bigarrena: “Ikastola publikoan obrak egiteko hiru bilera egin ditugu eta oraindik ez dakigu zerbait egitea aurreikusita dagoen. Diru laguntzen epea datorren astean bukatuko da”.

“Irizpiderik gabe” zenbait alorretan diru partidak handitzearekin ere ez dator bat EAJ. “Hezkuntza zentroetarako diru partida hirukoiztu egin da eta ez dakigu zein irizpideren arabera. Lehen ahalegin garrantzitsua egin genuen irizpideak ezartzen eta orain ez dakigu erabakia zertan oinarrituta hartu den”, zioen Eizmendik.

Nazio eraikuntzara zuzendutako diru kopuruaren igoerarekin ere ez ziren ados agertu: “Lehen 15.000 euro bideratuta zeuden horretara eta datorren urterako 139.000 aurreikusi dira. Erabaki hori hartzeko zein irizpide erabili diren ere ikusteko gaude. Gure ustez, Udalaren goitiko erakundeetan adostutako irizpide orokorrak hartu beharko lirateke kontuan, eta ez Azpeitiak bere erara jokatzea eta Elantxobek, esaterako berera. Gure ustez igoera gehiegizkoa da”, zioen EAJ ordezkari Julian Eizmendik.

Bestalde, EAko zinegotzi batek Udaletik jasoko duen ordainsaria “legez kanpokoa” dela azaldu zuten EAJkoek. “Legez kanpokoa dela baieztatu dugu eta horri erantzun bat emateko zirrikituak topatu nahi ditu Udalak, baina horiek ez dira bidezkoak”, gaineratu zuen Eizmendik.

Obrak “kontuan hartuta”

EAJren izenean Eizmendik arrazoiak azaldu ondoren, Xanet Esnaola alkateordeak (EAE) hartu zuen hitza: “Betharrametan igogailua jartzea eta instalazio elektrikoa berritzea aurrekontuetan aurreikusi ditugu. Ikasle guztiei irisgarritasuna ahalbidetzea garrantzitsua delako igogailua jarri nahi dugu; instalazioa, berriz, 60ko hamarkadakoa delako berrituko dugu”. Ikastetxe publikoetan lanak egitearen inguruan, Euskal Herria kaleko ikastetxearen jolas lekuan obrak egin nahi dituztela azaldu zion Esnaolak Eizmendiri: “Jolasleku hori egoera kaskarrean dago eta berritzeko asmoa dago, irtenbide egoki bat emanez. Diru laguntza eskatu behar den eperako eskatuko dugu”.

Arantxa Isart zinegotziak (EAE-ANV) ikastetxetan “beharrak" daudela eta horiei nola erantzun gero erabakiko dutela azaldu zuen, EAJkoei erantzunez.

EAko baten ordainsaria legez kanpokoa dela egotzi izanari Manuel Unanuek (EA) erantzun zion: “Lehen EAJk Udal honetan erabili du modu hori”. Gainera, EAJ abstenitu bada “aurrekontuen %1arekin ados ez dagoelako da” Manuel Unanue zinegotziaren iritziz.

2008ko udal aurrekontuetako puntu batzuk

Jaitsi. 2006ko eta 2007ko aurrekontuak baino baxuagoa da 2008ko aurrekontua. “Daukagunarekin jokatu nahi izan dugulako da datorren urterako aurrekontua txikiagoa. Martxoan, aurtengoaren likidazioa egindakoan eta diru laguntzak jakindakoan beste inbertsio batzuetarako Udalak zenbat duen jakingo du”, dio Xanet Esnaola alkateordeak.

Inbertsio nagusiak. Hirigintzako inbertsio nagusietarako 5 milioi euro aurreikusi ditu Udalak: tartean, alde zaharraren hiritartze berria eta Soreasuko kultur gunea daude.Soreasuko kultur gunerako. 2008rako 1.700.000 euro aurreikusi dira proiektu horretarako. Kultur guneak 5.100.000 euroko aurrekontua du, eta 2007ko udal aurrekontuetan 3.400.000 euro bideratu ziren horretara.

Alde zaharra hiritartzeko. Alde zaharra hiritartzeko lanekin jarraituko du Udalak, eta 2008an Erdi kalearen txanda izango da. Horretarako, 1.100.000 euro aurreikusi ditu Udalak 2008an. 2007an, 920.000 euro aurreikusi zituen Udalak; horrekin Perez Arregi plazako eta Eliz kaleko obrak ordaindu nahi zituen.

Gizarte arlorako langile berriak. Gizarte arloko lanei erantzuna emateko hiru langile berri hartuko ditu Udalak. “Gizarte alorreko beharrak gero eta handiagoak dira eta hoiei modu eraginkorrago batean erantzuteko hiru langile berri kontratatuko ditu Udalak”, azaldu du Xanet Esnaola alkateordeak. Bi langilek Gizarte Zerbitzuetan jardungo dute lanean, horietatik batek hirugarren adinekoekin. Bestetik, Parekidetasun Batzordean lan egiteko teknikaria kontratatuko dute.

Hezkuntza, zutabe garrantzitsua. Hezkuntzarako diru partida handitu egin du Udalak. Euren esanetan, “hezkuntza, herri ikuspegitik eta ikuspegi sozialetik, herri baten eraikuntzan zutabe garrantzitsua da. Herriko hezkuntza proiektu desberdinei zor diegun errespetutik abiatuta, hezkuntzara bideratutako diru partida handitzea erabaki dugu. Bestalde, ikastetxeetako azpiegituretan eta ekipamentuetan inbertitzea garrantzitsua da”. EAJkoek “igoera irizpiderik gabe” egin dela uste dute. Udal eraikinetan gastatzeko 176.000 euroko partida aurreikusi dute.

Nazio eraikuntzarako %1. Aurrekontuko gastu korronteen %1a nazio eraikuntzarako aurreikusi dute. “Zazpi herrialdez osatutako Euskal Herrian sinesten dugu. Bide horretan, Euskal Herrian garatuko diren proiektuak herrietatik laguntzea ezinbestekoa ikusten dugu: euskaran, euskal kulturan, hezkuntzan, herrien senidetza proiektuetan...”, dio Esnaolak. EAJkoen iritziz, “Udalaren goitik dauden erakundeetan erabaki behar dira nazio eraikuntzarako irizpide orokorrak”. Nazio eraikuntzarako 139.600 euro bideratzea aurreikusi du Udalak.