Ikasberri Kirol Elkartekoak kroseko parte-hartzearekin "gustura" azaldu dira

Urola Kostako Hitza 2007ko abe. 27a, 19:12
Udal ordezkariak, antolatzaileak eta atletak, podiumean, lehengo igandean. ('Urola Kostako Hitza')

Seniorretan, gizonezkoetan Sabh eta emakumezkoetan Talavera izan dira txapeldunak

Maila guztiak kontuan hartuta 500 lasterkari inguru izan ziren Goenan

Igandean jokatu zen Goenako kanpan Ikasberri Kirol Elkartearen X. Krosa. Lasterkarako "eguraldi ederra" izan zuten eta izandako parte-hartzearekin "gustura" gelditu ziren antolatzaileak. "Astebete lehenago Gipuzkoako Txapelketa jokatu zen eta nolako parte-hartzea izango genuen kezkatuta geunden, baina nafarren, arabarren eta bizkaitarren parte-hartze handia izan da eta uste bezala joan zen lasterketa. Beraz, gustura gaude", dio Xanti Azurmendi Ikasberri Kirol Elkarteko kideak. Maila guztiak kontuan hartuta 500 lasterkari inguru izan ziren Goenako lasterketan.

Seniorretan, Abdelhak Sabh gizonezkoetan (31:24) eta Rosi Talavera emakumezkoetan (22:43) izan ziren txapeldunak. Nerea Amilia aiar korrikalariak egindako lana ere aipatzekoa izan zen, helduetan emakumezkoetan aurrena egin baitzuen, 14:43 denborarekin.

Ikasberri Kirol Elkartearen probak hamar urte bete ditu aurtengo honetan. "Hamargarren lasterketan ez zen arazorik izan eta ondo atera zen dena, oro har. Giro ederra egin zuen ikusten egoteko, baita lasterkan aritzeko ere. Antolakuntzatik, parte hartu zuten lasterkariak eta herritik Goenara lasterketa ikustera joan ziren herritarrak eskertu nahi genituzke", azaldu dute Ikasberri Kirol Elkartekoek.