Labaka: "Aurrerapausorik eman ezean, Gabonetako partidarekin jarraitzeak ez du zentzurik"

Berria 2007ko abe. 28a, 11:12

Euskal Herriko futbol selekzioko jokalariak dio kirolari guztiak bilduko dituen federazioak behar dituztela

Selekzioaren izen aldaketa konpromisoetako bat dela esan du

"Laugarren edo bosgarren" aldiz jokatuko du selekzioarekin Mikel Labakak (Azpeitia, 1980). Ez du ondo gogoratzen. Bere herrialdeko selekzioarekin aritzea "gauza handia" da Realeko atzelariarentzat, baina ilusio handiagoa egiten dio Euskal Herriko selekzioaren aldarrikapenak eta haren ofizialtasunak; nazioartean aritzeak. Hori lortzeko ahaleginean ari da, kirolari mordoxka batekin batera. Konpromiso "sendoa" dutela dio.

Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko orduan inoiz baino indar handiagoa hartu duzue kirolariek. Jendaurrean, behintzat, agertu zarete. Zergatik?

Bueno, bi agerraldi egin ditugu: iaz, Durangon, futbol jokalari gisa, eta pasa den astean, Donostian, euskal kirolari gisa. Agerraldiak egin izan ditugu, gehienbat gizartean indar handia duen eskaera delako euskal selekzioarena. Gainera, gauza batzuk argitu nahi genituen. Kirolari gisa argi ikusten dugu Euskal Herriak zazpi lurralde dituela eta nazio bat dela. Beraz, nazio hori ordezkatzeko aukera nahi dugu. Bueno, federazioekin-eta ere bildu gara, eta gure iritzia emateko beharra sentitu dugu.

Zer aldatu da kirolarien artean? Garai batean, ez oso aspaldi, ez zuten ofizialtasuna aldarrikatzen...

Egia esanda, kirolarien artean ere hausnarketa bat egon dela uste dut. Durangoko prentsaurrekoa eman aurretik, futbolariok ikusten genuen Gabonetako partida errutina baten modukoa bihurtzen ari zela, aldarrikapenak ez atzera ez aurrera geratzeko arriskua zuela. Bueno, eta ikusten genuen partidak bere indarrari eutsi arren ofizialtasunaren aldeko aurrerapausorik ematen ez bagenuen, ba, urteak pasatuko zirela partida hori jokatzen, baina aurrera egin gabe. Gure nahietako bat selekzioarekin nazioarteko txapelketa ofizialak jokatzea denez, federazioekin harremanetan jartzeko eta gure iritzia emateko beharra sentitu genuen.

Ofizialtasunaren bidean indarrak areagotzea eskatzen duzue. Zerk huts egiten du, beraz, herriak eta kirolariek hori nahi badute?

Hasteko, kirolariok argi dugu herri bat nazioarteko txapelketa ofizialetan ordezkatu nahi badugu kirolari guztiak bilduko dituen federazioak behar ditugula. Hori argi gelditu zen Donostian egindako agerraldian, eta ezinbestekoa dela uste dugu. Getxokoa, Beasaingoa, Senperekoa edo Iruñekoa izan, kirolari guztiok aukera berberak eduki behar ditugu selekzio horretan parte hartzeko.

Futbolariekin bildu eta gero, Euskadiko Futbol Federazioak konpromiso batzuk hartu zituen. Zeintzuk ziren konpromiso horiek? Horiek bete ezean, selekzioari uko egingo zeniotela esan zenuten Durangon.

Uko egin baino gehiago... Aurrerapausorik ematen ez bazen Gabonetako partidarekin jarraitzeak zentzurik ez zuela uste genuen. Argi hitz egin izan dugu beti federazioarekin, eta ofiziala izango den hori zazpi lurraldeak ordezkatuko dituen selekzioa izango dela pentsatzen dugu. Eskaeretako bat, konpromisoetako bat, izenarena zen. Halere, uste genuen baino zalaparta handiagoa sortu du izenaren kontuak. 22.000 kilometro koadroko herria da hau, hiru milioi biztanle dituena, eta guk uste dugu herri hori Euskal Herria izenak ordezkatzen duela. Izena baino gehiago, izanaren kontua da.

Ze beste konpromiso hartu zituen Euskadiko Federazioak?

Beste kontu batzuez ere hitz egin izan dugu. Eurek, egia esanda, gure ikuspegi bera dutela esan izan digute. Izena ere onartu zuten, eta horregatik aldatu dute. Batzuek esaten edo saltzen dute jokalari jakin batzuek aldatu dutela izena, baina azken finean federazioak egin du, guk publikoki egindako eskaera begi onez ikusi duelako.

Jaurlaritzaren ustez, izen aldaketa ez da zuzena. Gainera, lau jokalarik bultzatu dutela dio. Zer diozu?

Argi eta garbi esan behar da ez dutela lau jokalarik bultzatu, ez dela haiengatik aldatu. Hori gezurra da. Durangon egindako agerraldian eskaera publikoa egin genuen, eta han 40 jokalari bildu ginen; eta beste askoren babesa genuen. Beraz, argi ikusten da ez dela lauzpabost jokalariren kontua.

Jaurlaritzak esaten du eurek bideak sortu behar dituztela, konplizitateak sortu. Eurei, ordea, ideiak gauzatzea dagokie, ezta? Izan ere, herriak eta kirolariek ireki dituzte bideak.

Hausnarketa bat egin beharko genuke aurrena. Esaten ari baldin bagara herri bat ordezkatu nahi dugula nazioarteko txapelketetan, eta zazpi lurraldeetako kirolariak biltzen dituen selekzioek parte hartu behar dutela, oraindik ere, hasteko, zazpi lurraldeetako kirolariak bilduko dituen federaziorik ez dugu.

Federazio nazionalak sortzea politikarien esku dago, ezta?

Kirolari gisa, herri bat ordezkatu behar badugu, federazio nazionalak behar ditugu, ezinbesteko baldintza da. Horiek sortzeko, federazioen eta politikarien borondatea behar da.

Federazioa Nazionalak sortuko balira, nazioartean lehiatuko zinateke?

Federazio horiek baleude, horiek eskatu beharko lukete nazioarteko federazioetan sartzea. Baina, ofizialtasuna eskatzen ari garenean, zerena eskatzen ari gara? Zazpi lurraldeena edo hirurena?

Lehen errutina aipatu duzu Gabonetako partidaz hitz egitean. ESAITek folklorismo hitza erabiltzen du. Hala da?

Bueno, lehenago esan duguna... Zein helbururekin jokatzen da Gabonetako partida? Partida horren harira urtero ari bagara esaten egunen batean ofizialak izango garela, baina ofizialtasuna egun bakarrean aldarrikatzen badugu eta aurrerapausorik ematen ez bada, beti Gabonetako partidara mugatuko gara. Horrek sortu zuen jokalarien kezka.

Ofizialtasuna utopia al da?

Ez; nire ustez, lor daitekeen zerbait da. Errealitatea den bezalakoa da, eta traba asko gainditu beharko dira. Baina gutxien-gutxienik traba horiek gainditzeko borondatea eskatuko genieke Euskal Herriko sektoreei. Azken finean tristea da aurrerapauso batzuk ematen ahalegintzea eta Euskal Herriko jendea horiek geldiarazten saiatzea.

Informazio gehiago hemen eta Gara-Mikel Aranburun