Labaka eta Aranburu, Euskal Herriko selekzioaren deialdian

Uztarria 2007ko abe. 26a, 15:12

Larunbatean jokatuko dute Kataluniaren kontra lagunarteko partida, San Mamesen

Azpeitian autobusak egongo dira manifestaziora eta partidara joateko

Jose Anjel Iribar eta Mikel Etxarri Euskal Herriko futbol selekzioaren hautatzaileek gaur (asteazkena) eman dute larunbat honetako lagunarteko partidarako deialdia —Kataluniaren kontra ariko dira—, eta bertan daude Mikel Labaka eta Mikel Aranburu. Beste hemezortzi jokalari ere deitu dituzte.

Bilbon jokatuko dute Euskal Herria-Katalunia, 20:30ean hasita. Aurretik, ESAITek deituta, manifestaldi nazionala egingo dute Bilbon bertan, Casilla aurretik hasita (17:30), eta Azpeititik hara joateko autobusak antolatu dituzte.

Azpeitiko Udal Kirol Batzordeak bat egin du selekzioaren aldeko deialdiarekin, eta Kirol Mahaiko Batzorde Eragileak antolatu ditu autobusak. Horretaz gain, selekzioaren ofizialtasunaren aldeko mozioa jorratuko dute aurki Udalean.

Labaka eta Aranburu beraiek selekzio ofizialen alde azaldu ziren lehengo astean, Donostian beste hainbat kirolarirekin egindako agerraldian.

Autobusean izena emateko

Non? Kirol elkarteetan, kiroldegian, igerilekuan eta Etxe Zuri tabernan.
Noiz arte? Hilaren 27ra arte kiroldegian, igerilekuan eta Etxe Zurin; kirol elkarteetan 26ra arte.
Noiz irtengo du autobusak? Hilaren 29an (zapatua), 16:00etan, plazatik.
Zenbat da? Ez dute zehaztu oraindik, baina "prezio herrikoia" izango dela zehaztu dute.