Bidezko Merkataritza bultzatzeko, gabonetako denda

Uztarria.eus 2007ko abe. 19a, 12:12

Misio Taldearen azoka urtarrilaren 5era arte egongo da irekita

Munduko hainbat produktu jarri dituzte salgai; janariak eta edariak, batez ere

Gabon garaian urtero egin ohi duten moduan, aurten ere Azpeitiko Misio Taldekoek Bidezko Merkataritza denda ireki berri dute. Misio Taldeak Santiago kalean duen lokalean egongo da denda eta urtarrilaren 5era arte egongo da irekita.

Munduko hainbat produktu jarri dituzte salgai dendan; batez ere, janariak eta edariak: txokolatea, eztia, gailetak, pasta, kafea, tea, rona… Kitzin, Donostiako Bidezko Merkataritza dendatik ekarritako produktuak dira eta elikagaiez gain, artisautza, pitxiak, eta aurten, berrikuntza moduan, haurrentzako jostailuak eta xaboiak ekarri dituzte. Kitzin dendako produktuez gain, Hegoameriketako eta Afrikako zenbat artisau produktu ere salgai egongo dira.

Gabonetako denda honekin Bidezko Merkataritza bultzatzea dute helburu Misio Taldekoek. Bidezko Merkataritza bultzatu eta herrian beste era bateko kontsumoa egiteko baliabideak jarri nahi dituzte Misio Taldekoek.

Astegun eta asteburuetan irekita

Urtarrilaren 5era arte egongo da irekita Bidezko Merkataritzarako Denda. Bitarte horretan, hala ere, hiru egunetan itxita egongo da: abenduaren 21ean, 25ean eta urtarrilaren 1ean egongo da itxita eta abenduaren 24 eta 31an, berriz, goizez bakarrik egongo da irekita. Gainontzean astegunetan 18:00etatik 20:00etara; larunbatetan 11:00etatik 13:30era; eta igandeetan 11:00etatik 13:30era eta 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik.