Kirol Elkarte Aipagarrienaren Saria jasoko du Iraurgik

Urola Kostako Hitza 2007ko abe. 18a, 18:12
Udako saskiabloi kanpusetan parte hartzen dute Iraurgi Saskibaloi Elkarteko jokalari gazteek.

Azkoitiko eta Azpeitiko Iraurgi Saskibaloi Elkarteak bihar jasoko du saria, 19:30ean, Donostiako Kursaalen

Taldeko zuzendaritzaren iritzitan, saria "elkarteak egin duen gorakada ikusi egiten denaren seinale da"

Iraurgi Saskibaloi Elkarteari Gipuzkoako Kirol Elkarte Aipagarrienaren saria emango diote, bihar, 19:30ean, Donostiako Kursaal aretoan.

Saskibaloi Elkartekoak gustura daude sari hori jasoko dutelako: "Guretzako egindako lanaren aitortza bat da saria; gauza guztiak gaizki egin ez ditugunaren seinale da. Elkartearen sorreran parte hartu zutenak ere kontuan izan behar dira une honetan", esan du Jose Luis Zubizarreta Xubi-k, Iraurgi Saskibaloi Taldeko kideak.

Taldeko zuzendaritzaren iritzitan, saria "elkarteak egin duen gorakada ikusi egiten denaren seinale da. Eskerrak eman nahi dizkiegu 30 urte hauetan elkartean era batera edo bestera parte hartu duten denei eta gure proiektuan sinetsi duten denei: erakunde publikoak, Azkoitiko eta Azpeitiko politikariak, laguntzaileak eta jarraitzaileak", adierazi dute.

Promesen saria

Iraurgiko bi jokalarik ere, Ainara Epelde eta Eider Bereziartuak, saria jasoko dute bihar; Gipuzkoako Jokalari Promesen saria, hain zuzen ere. Hauek Gipuzkoako Kadeteen saskibaloi taldearekin Espainiako txapeldun izan ziren 2007 urtearen hasieran.

Erronka eta ilusio berriak

Iraurgi Saskibaloi Elkarteak baina, ez du arrakasta honetan helmuga jartzen. Orain, taldearentzat "mantentzea da erronka, baita kirol eskaintza hobetzea ere". Gaur egun, lau urteko akordioa dute Bruesa GBC taldearekin. EBA ligan jokatzen duen taldeaz gain, Azkoitiko eta Azpeitiko kiroldegietan aritzen diren federatutako 16 taldek osatzen dute Iraurgi. Horietatik sei talde neskenak dira, eta gainontzeko hamarrak mutilek osatutakoak.

Guztira, beraz, 500 lagun inguru biltzen ditu Iraurgi SB-k: 200 jokalari, teknifikazio lanetan ari diren zortzi urtetik gorako 100 ume, prestatzaileak eta tituludun 35 entrenatzaile daude taldean gaur egun.

Baina jarraitzailerik gabeko talde sendorik ez dagoela eta, Iraurgikoek esker ona azaldu nahi diete guztiei, "jartzen duten giroagatik eta egiten duten jarraipenarengatik". Gurasoak ere gogoan izango dituzte saria jasotzerakoan. "Daukagun ilusioa beraiek ere izaten dutelako eta umeei transmitizten jakin dutelako", esan dute.

Sariak ondo egindakoa aitortzen duela jabetuta, "gaizki egindakoak eta hutsuneak zuzentzeko prest" ere ageri dira Iraurgiko Saskibaloi Elkartekoak.

Eskolarteko Txapelketaren finalak eta Arzelusen agurra

Iraurgi Saskibaloi Elkarteko bi taldek Eskolarteko Txapelketako finalak jokatuko dituzte datorren abenduaren 22an, larunbatean, Azpeitiko udal kiroldegian.

15:00etan, nesken taldeak jokatuko du lehendabiziko finala eta, ondoren, 16:00etan, mutilen txanda izango da.

Partida horien ondoren, Lan Mobel Iraurgi taldeak UFC Zamora taldearen aurka jokatuko du, 18:30etik aurrera. 2007. urteko azken partida izango da larunbatekoa, 2007-2008 denboraldiko EBA Ligako 13. jardunaldiko neurketa, hain zuzen.

Partidaren atsedenaldian, Eskolarteko Txapelketako sari banaketa ekitaldia egingo dute. EBA Ligako partidaren amaieran, berriz, Iraurgiko jokalari Ales Arzelusi txalo zaparrada eskaintzeko eskatu diete elkarteko kideek bertan izango diren zaletuei. Izan ere, Arzelus Kaliforniara (AEB) joango da laster, Erasmus bekari esker, eta bere agurra izango da larunbatekoa.