Artxibatu egin dute adingabeko neska batek sexu abusuak jaso izanari buruzko auzia

Berria.info 2007ko abe. 18a, 13:12

Ustezko erasoa joan den maiatzean gertatu zen Azpeitian, eta neskaren hiru ikaskide inputatu zituzten

Gipuzkoako Auzitegiak dio salaketa ez dagoela "behar bezala justifikatua"

Joan den maiatzean Zestoako (Gipuzkoa) hamalau urteko neska bati sexu abusuak eragitea leporatuta, Azpeitiko (Gipuzkoa) adingabeko hiru mutil inputatu egin zituzten, baina Gipuzkoako Auzitegiak auzia artxibatu egin duela jakinarazi du gaur (asteartea), akusazioa "behar bezala justifikatua ez dagoelako eta ezin izan delako frogatu haiek neskari sexu abusua egin izana. Sexu harremanak izan bazituzten, ez ziren behartutakoak izan, parteen artean ondo ikusitakoak baizik".

Neska haren gurasoek maiatzean salaketa jarri zuten Azpeitiko epaitegian alabaren hiru ikaskideren aurka. Ustezko erasoa maiatzaren 18an gertatu zen Azpeitian bertan, gazteek erabiltzen duten lokal batean. Ertzaintzak hiru ustezko erasotzaileak identifikatu eta inputatu egin zituen, "askatasun sexualaren aurkako delitua" egotzita.

Fiskaltzak ondoren auziaren artxiboa eskatu zuen. Haren ustez, neska lokal hartara ez zen joan "behartuta", sendiak salatu zuen bezala, "baizik eta lagun giroan". Akusatuen eta lekukoen adierazpenetan oinarritu zen Fiskaltza hori esateko. "Libre eta bere kabuz joan zen neska lokalera, eta kanpoan zeuden lagunek ez zuten barrutik laguntza oihurik entzun. Neskaren ahizpa bat barrura sartu zenean ere, hark ez zion laguntzarik eskatu".

Euskal Institutuaren Legezko Medikuntzaren txostenean ere oinarritu zen Fiskaltza. Haren arabera, neskak ez zeukan lesioen aztarnarik, "eta, beraz, zalantza handiak sortzen dituzte bultzakadak jaso izanaren eta bortxaketaren salaketek".