'Gure Inguruari begirada bat' lehiako irudi ederrenak Urbistondo eta Artolarenak

Urola Kostako Hitza 2007ko abe. 17a, 10:12
Argazki postiboen sailean sari berezia jaso duen argazkia.

Argazki lehiaketak aurten aurreneko aldiz gai zehatza izan du: nekazal munduari buruzkoa izan da

Saritutako irudiak egutegi batean bildu eta etxez etxe banatuko dituzte, ohi bezala

Gure Inguruari begirada bat lehiaketaren seigarren edizioko sariak banatu zituzten atzo, Azpeitian, Aitonenako aretoan. Oraingo honetan, gai zehatz baten inguruan egin dute argazki lehiaketa: nekazal mundua. Parte hartu dutenen artean, gaia islatzen duen irudirik positiboena Lierni Urbistondok ateratakoa izan dela erabaki du epaimahaiak. Aldiz, irudirik negatiboena ederkien jaso duenaren saria Jexux Artolari eman diote.

Lehiaketa Azkoitiko eta Azpeitiko udalek, Anaitasuna eta Lagun Onak mendi elkarteek eta Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatu ohi dute. Aurten, gainera, inoiz baino parte-hartze handiagoa izan du lehiaketak. Saritutako irudiak egutegi batean bildu eta etxez etxe banatuko dituzte, ohi bezala.

Sarituak

Irudi positiboen sailean:

Sari nagusia. Lierni Urbistondok 225 euroko sari berezia jaso du. "Komuntzo inguruan atera nuen argazkia, goiz batean", azaldu zuen argazkiaz.

Gainontzekoak. Oscar Lopez, Iñaki Aranburu, Mikel Zengotita, Enrike Orbegozo eta Peio Romatet. Bakoitzak 135 euroko saria jaso du.

Irudi negatiboen sailean:

Sari nagusia. Jexux Artolak 225 euroko sari berezia jaso du. "Argazkia Azpeitian ateratakoa da Sahatseta baserriaren gainaldean".

Gainontzekoak. Joxe Ramon Larrañaga, Enrike Orbegozo, Iñaki Etxenagusia, Mikel Zengotita eta Jose Venegas. Bakoitzak 135 euroko saria jaso du.