Ikastolen Elkarteko jokoak herrian erosgai

Urola Kostako Hitza 2007ko abe. 17a, 10:12

Ikasberri Ikastolak aurten ez du denda jarriko, baina joko didaktikoak Urrats dendan jarri dituzte saltzen

Ikastolen Elkarteko jokoekin txoko berezi bat jarri dute

Ikasberri Azpeitiko Ikastolak aurten ez du dendarik jarriko Ikastolaren Elkartearen joko didaktikoak saltzeko. Baina jolasak non erosi izango da herrian, Ikastolak Urrats dendan jarri dituelako saltzen; horretarako txoko berezi bat jarri dute, gainera.

Azkenengo bi urteetan Ikastolak berak denda bat ireki izan du herrian Elkarteko produktuak saltzeko, Hartzubian eta Erdi kalean. Baina aurten herriko beste denda batean txoko berezi bat jartzea erabaki dute: "Aurreko bi urteetako esperientziari jarraipena emanez, Gabonetako opariak egiteko garairako geure lan esparrua den heziketa eta kulturaren arlotik landutako eskaintza da. Aurten, Erdi kaleko Urrats dendan kokatu dugu eskaintza hori".

Ikastolakoen esanetan, "kontsumo festaren aurrean, garrantzitsua da zentzuz eta arduraz jokatzea". Ikastolen Elkarteko produktuen artean aukera "zabala eta aberatsa" eskaintzen dela azaldu dute, "ipuinak, jolasak, puzzleak, denborapasak, pilotak, bideoak, CD-ROMak, DVDak...".

Urrats dendaz gainera, herriko beste denda batzuetan ere eskura daiteke Ikastolen Elkarteko materiala.