Sansebastianetako karroza Saioa Imazek diseinatuko du

Urola Kostako Hitza 2007ko abe. 6a, 12:12

Lehiaketara bi proiektu aurkeztu dituzte eta Imazek egingo duela erabaki du Udal Festa Batzordeak, "aho batez"

Juan Antxieta Musika Eskolaren 25. urteurrena izango da datozen San Sebastian Eguneko danborradako karrozak izango duen gaia

2008ko sansebastianetako karroza Saioa Imazek egingo du; halaxe erabaki du Udaleko Festa Batzordeak. Karroza lehiaketara bi proiektu aurkeztu dituzte aurten. "Astelehenean, Udal Festa Batzordearen bileran proiektuak ireki genituen eta, bi proiektuak aztertu ondoren, karroza diseinatuko duena Saioa Imaz izango dela erabaki genuen, aho batez", azaldu dute Festa batzordekoek.

Imazek bosgarren urtez egingo du karroza; 2004, 2005, 2006 eta 2007ko karrozak ere berak diseinatutakoak izan ziren. 1.500 euroko saria jasoko du karroza lehiaketa irabazteagatik.

Musika Eskola gai nagusia

.2008ko San Sebastian Eguneko danborradako karrozak jorratu beharko duen gai nagusia Juan Antxieta Musika Eskolaren 25. urteurrena izango da. Baina aldi berean herriko beste bi pertsonaia ekarri beharko ditu gogora: Juan Gurrutxaga Txokolo jaio zela 100 urte betetzen dira, eta Sebastian Errasti Aizpuru Xaxurre jaio zela, berriz, 125 urte. Karrozaren aurrekontuak 7.800 eurokoa izan beharko du.