Esperientzia eskola tailerrak espero ez bezalako parte-hartzea izango du

Urola Kostako Hitza 2007ko abe. 5a, 10:12
Goiko argazkian, esperentziaren eskola tailerrean parte hartuko dutenak tailerraren aurkezpenean. Beheko argazkian, antolatzaileak eta, erdian, Gizarte Zerbitzuetako batzordeburu Juan Karlos Arellano eta alkate Iñaki Errazkin.

Antolatzaileak harrituta daude ekimenak izan duen harrerarekin; 29 lagunek eman dute izena ikastaroan

Ekimenak antolatzerakoan eta izena aldatzeko lehiaketan proposamenak egiteko eskatu dute Erretiratuen Elkartekoek

Esperientziaren Eskola Tailerrak antolatu dituzte Aitonena Jubilatuen Elkarteak eta Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuek, Ingemarekin eta Mugaberekin batera. Abenduaren 13an jarriko dute martxan tailerra. Antolatzaileak "oso gustura" daude deialdiak izan duen harrerarekin: "Era honetako ikastaro bat martxan jartzea ez da erraza izaten, baina Azpeitian izugarrizko harrera ona izan du deialdiak. 15 bat lagunekin abiatu nahi genuen tailerra eta 29k eman dute izena. Jende askok eman du izena eta hori inportantea da", azaldu du Aitziber Indart Mugabeko kideak.

Jubilatuen Elkartekoak ere gustura daude jendeak izena eman duelako: "Oso gustura gaude jendeak parte hartuko duelako". Ikastaroa 50 urtetik gorakoentzako antolatu dute. "Adin tarte bat badago oraindik ere gauzak egiteko-eta gai garena. Gazteek beraiek beraientzako antolatzen dituzte nahi dituzten ekimenak eta guk geuk ere, adin tarte horretan gaudenok, geuk antolatu behar ditugu guretzako moduko ekimenak. Bestela, gainontzean, ez dago aukera eta eskaintza handirik, eta hori pixka bat gehiago zaindu behar dugu", dio Maria Jesus Arregi erretiratuen elkartekoak.

Esperientziaren eskola tailerra "elkarrekin esperientziak trukatzeko gune irekia" dela azaldu dute, non "prestakuntza eskuratu eta esperientziak trukatuz, kultura eta hezkuntza arloko esparruak jorratuko dituzten".

Beste bederatzi eskola

Azpeitian sortuko den ikastaroaren antzekoak beste hainbat herritan martxan daude, esaterako Zarautzen eta Orion. "Era honetako proiektuak beste herri batzuetan martxan daude; bederatzi eskola tailer daude zabalik gaur egun», diote. Azpeitian ostegunetan elkartuko dira, 17:30etik 19:00etara.

Programa ere osatu dute. "Beste herri batzuetako programak kontuan hartuta egin dugu, baina gero tailerra aurrera doan heinean, bertakoek erabakiko dute jorratu nahi dituzten arloak eta gaiak zeintzuk diren". Ikastaroan jorratzeko aukeratutako gaietako batzuk honako hauek dira: Bizitzarako filosofia; Gizarte harremanak eta komunikazio erraztasuna; Teknologia berrietara gerturatzea; eta, azkenik, Gizartean parte hartzearen onurak.

Erretiratuen Elkartean parte hartzeko deia

Ekimenak antolatzerakoan eta izena aldatzeko lehiaketan proposamenak egiteko eskatu dute elkartekoek

Aitonena Jubilatuen Elkarteko zuzendaritzako kideek elkartearen ekimenetan parte hartzeko deia egin dute, eta proposamenak egiteko postontzia jarri dute Aitonena I-eko tabernan. "Proposamenak jasotzeko postontzi berri-berria jarri dugu Aitonena I-eko tabernan. Nahi duenak ibilaldiren bat, ekitaldiren bat, ekimenen bat edota txapelketaren bat antolatu, bertan utzi dezala proposamena. Jendeak zer ekimen antolatu nahi dituen jakitea guretzako oso lagungarria da", dio Maria Jesus Arregik, Aitonena Elkarteko zuzendaritzako kideak.

Orain, Esperientziaren eskola tailerra martxan jarri dute Erretiratuen Elkartekoek. Baina aurrera begirako hainbat asmo ere badute: Internetean eta telefono mugikorrekin ibiltzeko ikastaro bat antolatu nahi dute. "Horretaz gainera informatikako gela bat ere jarri nahi dugu Erretiratuen Elkartean. Pare bat ordenagailu jarri eta informatikako ikastaroren bat antolatuko dugu. Aukera bat zabaldu nahi dugu horrela", azaldu du Arregik.

Izenaren aldaketa

Erretiratuen Elkarteak Aitonena izenaren ordez beste bat hartu nahi du eta horretarako lehiaketa bat abiatu du. "Aitonena bera, hitza eta esanahia, oso politak dira. Baina aldatzea erabaki dugu eta izen politen bat jasotzeko zain gaude", diote.

Izena emateko epea hilaren 19a arte zabalik dago. "Izenaren proposamena eta anagrama edo logoa egitea eskatzen ditugu. Baina izena bakarrik bidalita ere gu pozik, gero gazteren bati esango diogu logoa egiteko".

Proposamenak Erretiratuen Elkartean bertan jasoko dituzte, astegunetan eta goizetan.