"Giro ederra" Landetako Saneloietako ekitaldietan

Urola Kostako Hitza 2007ko abe. 4a, 13:12
Goiko argazkian, Aimar Irigoien errezildar harri-jasotzailea ageri da. 2. argazkian (goitik behera), aizkolariak trontzan. 3. argazkian, herenegun Landetan bildutako jende multzoa eta behekoan, Goenatxo II.a harri-jasotzailea, oro

Landetako Festa Batzordekoen arabera, "aspaldian ez da horrenbeste jende ibili Landetako festetan"

Herri kirolen ondoren, auzotarrek Bordatxo tabernakoei oroigarria eman zioten "Landetako festetan urteetan egindako lanagatik"

Ostiraletik igandera bitartean San Eloi festak ospatu dituzte Landetan. Auzoko jaiak antolatzen dituen batzordea gustura azaldu da, aurten festek izan duten harrerarekin. Aurreko urteetan baino jende gehiago ibili dela azaldu dute, "aspaldian izan den gehiena ibili da aurten". Ostiralean eta igandean ibili da jende gehien.

Ostiraleko bertso afaria izan da jende gehien bildu duen mahai inguruko ekitaldia. Xebaxtian Lizaso eta Andoni Egaña jardun ziren bertsotan Mendizabal jatetxean. "Bertso afarian 78 lagun elkartu ginen, koadrila ederra. Kaletik ere jende dezente etorri zen Landetara. Giro ona, ederra, izan zen bertan. Afal ondorengo jaia goizeko 03:00ak aldera arte luzatu zen eta dantzan eta dena jardun zuen jendeak", dio Beatriz Mendizabalek, Landetako Festa Batzordeko kideak.

Larunbatean, auzokoen bazkaria egin zuten Mendizabalenean, eta orduan 31 lagun bildu ziren. "Bazkarian izandako batzuk afaltzera ere gelditu ziren; giroa soinujotzaileek alaitu zuten eta goizeko 01:00ak aldera arte luzatu zen festa".

Igandean, berriz, haurren txanda izan zen eguerdi artean. Haur jolasetan jardun ziren txikienak eta, ondoren, antolatzaileek gozokiak banatu zituzten parte-hartzaileen artean. Gero, herri kirolen txanda izan zen.

Bordatxokoei oroigarria

Harri-jasotzen Goenatxo II.a eta Aimar Irigoien eta aizkoran Mendizabal II.a eta Arria II.a nahiz Rekondo eta Otaño jardun ziren Landetan. Kirol ikuskizunak jende multzoa bildu zuen. "Jende mordoxka bildu zen herenegun, ez dakit aspaldian hainbeste jende bildu den Landetan. Giroa ere paregabea zegoen".

Ondoren, landetarrek Goenatxori oroigarria eman zioten, baita Bordatxo tabernakoei ere, "Landetako festetan urteetan egindako lanagatik".