Loiolako Bisitarien Zentroak berriro zabalduko ditu ateak larunbatean

Uztarria.eus 2007ko aza. 30a, 13:11
Bi langileren ardurapean egon da bisitarien zentruko arreta zerbitzua.

Martxoaren 16ra bitartean, larunbat eta igandeetan egongo da zabalik; 10:00etatik 14:00etara

2007ko maiatzaren 12an zabaldu zutenetik, ia 13 mila bisitari izan dira turismo bulegoan

Larunbatean, abenduak 1, berriro zabalduko ditu ateak Loiolako Bisitarien Zentroak. Martxoaren 16ra bitartean, larunbat eta igandeetan egongo da zabalik; 10:00etatik 14:00etara. Abenduaren 6tik 9ra, berriz, egun guztietan egongo da irekita ohiko ordutegian. Iraurgi Lantzen eta Deustuko Unibertsitateko Turismo Eskolak elkarlanean egindako lanari esker zabalduko dute zentroa datozen hiru hilabeteetarako.

.2007ko maiatzaren 12an zabaldu zuten Loiolako Bisitarien Zentroa eta joan den azaroaren 5ean itxi zituen ateak behin- behinekoz. Ordutik 12.748 bisitari izan dira turismo bulegoan. Bulegoaren alboan dagoen aretoko ikus-entzunezkoen, berriz, 3.570 pertsona izan dira. Estatu espainiarretik etorri dira bisitari gehien, %70, hain justu; gainerakoa atzerritarrek osatzen dute. Kataluniako (%19) eta Euskal Autonomia Erkidegoko (%20) bisitariak nagusitu dira, nahiz eta Madril, Gaztela Leon, Andaluzia eta Aragoitik ere bisitariak etorri diren. Espainiar Estatuaz haratago, frantziarrak izan dira gehien etorri direnak (%13), gero, Britainia Handia, Alemania, Italia, Estatu Batuak eta Filipinetako ( Asia) bisitarian ere izan dira Bisitarien Zentroan.

Loiolako santutegiari buruzko eta Azpeitia eta Azkoitiaren inguruko informazioa, inguruko jatetxe eta ostatuei buruzko azalpenak eta baliabide turistikoez (trenaren museoa, bi herrietako elizak eta Oteizaren frontoiak, besteak beste) galdetu dute bisitariek batez ere.

Orain artekoaren balorazio positiboa

Iraurgi Lantzen-en Turismo Sailak balorazio "positiboa" egin du jasotako balantzeaz eta honakoa gaineratu du: "Loiolako bisitarien zentroa zabaltzean, eskualdeak beharrezkoa zuen baliabide turistiko berri bat sortu da eta eskualdeko sektore turistikoa dinamizatzen laguntzeko beharrezkoa izango da hori". Ildo beretik, "bisitariei eskaintzen zaion zerbitzuaren kalitatean salto nabarmena" egin dela azaldu dute. "Zentroan eskaini dugun ikus-entzunezkoak oso harrera ona izan du bisitarien artean". Bestalde, oraindik bisitarien zentroa eta turismo bulegoa ezagutzen ez dituzten herritarrak gonbidatu ditu Azpeitia Lantzenek bi guneak bisitatzera.