Hamar urtetako zutabe hautatuak

Berria 2007ko aza. 24a, 13:11

'Euskaldunon Egunkaria'-n eta 'Berria'-n idatzi dituen zutabeak bildu ditu Pako Aristik liburu batean

"Jarraipen estilistikoa eta ideologikoa" dago 80 zutabeetan

Euskaldunon Egunkaria-n eta ondoren Berria-n idatzi dituen zutabeak bildu ditu Pako Aristik Udan lana egiten zuen gizona liburuan (Erein). 1997an egin zioten proposamena lehen aldiz. Orduan hilabete osoan (abuztua) egunero idatzi behar zuen zutabea. Ordutik, ia urtero egin du. Idatzitako guztiak ez daude liburuan. “Zutabe ugari zeuden, eta hautaketa egin dugu. Azkenean 80 zutabe bildu ditugu”, adierazi du Pako Aristi idazleak. Testu bakarra dago ez dena egunkarietan argitaratu: Benito Lertxundiri buruzko liburuan Aristik eginiko hitzaurrea.

Liburuan bilduko zituzten zutabeak aukeratzerakoan, hainbat zalantza izan zituen. “Urteekin testuak zaharkituz joaten dira, eta zeure buruari galdetzen diozu ea duela hamar urteko testuek zer ekarpen egin dezaketen. Hautaketa egiten hasi ginenean, ez nuen alde handirik aurkitu. Jarraipen estilistikoa eta ideologikoa zegoela ikusi nuen”. Jarraipena zegoela eta, zutabeek ez dute datarik. Izan ere, zutabe gehienen testuingurua argi geratzen da.

Zutabe bat idazterakoan kontuan izan behar diren pausoak ere azaldu ditu Aristik: “Zutabe bat idazteko mediku batek bere kontsultan aplikatzen duen prozesu bera erabili ohi dut. Lehenik, diagnostikoa, errealitatea nolakoa den ikusi behar da, eta arazoa zehaztu. Bigarren pausoa, tratamendua litzateke, hau da, arazo horren irtenbidea proposatu behar da. Azkenik, iragarpena egin beharko litzateke. Tratamendu hori aurrera eramanda, gure gizartea nolakoa izango litzatekeen iragarri”.

Hiru oinarri horiekin idazten ditu Aristik bere zutabeak, baina oinarri horiekin batera beste argibide batzuk ere eman ditu. “Zutabe bat idazterakoan albo batera utzi behar dituzu zure ideologia, zure aurreiritziak, zure maniak eta zure desioak. Denak albo batera utzi eta ispilu bat jarri zure begien aurrean. Ispilu horrek aurrean edo gizartean ikusten ari zarena erakutsi behar du. Hori jasotakoan, orduan has zaitezke gustukoa ez duzun hori aldatzen”.

Zutabe bat ona izateko ezaugarriak ere aipatu ditu Aristik: “Diagnostikoan asmatzea ezinbestekoa da. Bestalde, estiloa eduki behar du zutabegileak. Estiloa gauzak zure erara esatea da. Zutabegileak bere moduan idaztea lortu behar du. Besteek erabiltzen dituzten hitzak, irudiak, esaldi eginak erabili gabe. Azken ezaugarria zutabe batek funtzionatzeko, zeuretik zerbait eman behar duzu. Zeure baitatik, zeure sentimenduetatik, zeure bizitzatik edota zeure oroitzapenetatik... Azken finean, busti egin behar du zutabegileak”.

"Enpatia sortzea"

Aipatutako osagaiak erabiltzen ditu Aristik bere lanetarako. “Osagai horiekin irakurlea identifikatuta sentitzen da gehienetan. Enpatia sortzen da irakurlearekin”. Bestalde, egunkari batean zutabeak idatzi ahal izatea “luxua” da Aristirentzat. “Zuzendaritza batzordeak zuri leku hori eskaintzea luxua da niretzat. Horrelako aukeraren aurrean, egin dezakezun aportaziorik handiena eskaini behar da”.

Zutabeak idazteko ez da gai bila hasten Aristi. “Dagoeneko gaiak neure baitan dauzkat. Egunero ari naiz pentsatzen, gogoeta egiten. Idaztea zeure buruarekin hitz egitea da, eta, orduan, ni beti ari naiz neure buruarekin hitz egiten. Barruan dudana kanporatzen dut. Aspaldi galdu nuen nire iritzia agertzeko lotsa. Iritzia naturaltasun osoarekin ematen dut”.

Urola Kostako Hitzak ere liburuaz artikulua argitaratu du.