Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko kontzentraziora deitu du Bilgune Feministak

Uztarria.eus 2007ko aza. 22a, 14:11
Igandeko elkarretaratzea deitzen duen pankarta plazan.

Igandean, hilak 25, 12:00etan egingo dute elkarretaratzea plaza

Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egitea "denon ardura" dela azaldu dute

Datorren igandean, hilak 25, Emakumeen Aurkako Indarkeriariaren kontrako Nazioarteko eguna dela eta, Azpeitiko Bilgune feministak kontzentraziorako deia luzatu die herritarrei. 12:00etan egingo dute elkarretaratzea plazan.

Bilgune Feministaren arabera, "emakumeok eskubidea dugu jendartearen esparru guztietan sufritzen dugun indarkeriarik gabe bizitzeko" eta hori lortzea "denon ardura" dela azaldu dute. "Emakumeok milaka eraso ezberdin jasaten jarraitzen dugu eta Azpeitia ez da kasu isolatu bat". Bilgune Feministak emandako datuen arabera, 2006an tratu txarrak pairatzeagatik zortzi salaketa egin ziren. 22 emakumek, berriz, tratamendua jaso zuten.

Sistemak eragindako harreman hierarkikoei "aurre egin" eta "indarkeria patriarkalaren aurrean", emakumeek “autodefentsa” erabil dezaten dei egin dute. "Edozein motatako eraso eta jarrera matxisten aurrean gure gaitzespena azaldu eta erasotzaileak baztertzeko ordua da".

Azpeitiko kontzentrazioarekin batera, inguruko herrietan ere elkarretaratzeak egingo dituzte Urola Kostako Koordinadora Feministak deituta.

Ikastetxeetan ere elkarretaratzeak

Bihar, azaroak 23, Ikastetxeetan elkarretaratzeak egingo dituzte jolas orduan Emakumeen Kontrako Indarkeriariaren aurkako Nazioarteko egunaren harira.