Trafikoarekin lotutako aldaketak izango dira Euskal Herria kalean

Urola Kostako Hitza 2007ko aza. 19a, 11:11
Euskal Herria kaleko bide honek laster norabide bakarra izango du.

Autoentzako bide bat norabide bakarrekoa izango da, eta aparkaleku gehiago jarriko ditu Udalak

Espaloiak libre egongo dira oinezkoentzat; inguru horretan ume asko ibiltzen delako (Urola Kostako Hitza)

Autoentzako aparkaleku gehiago izateko, eta «trafikoaren ordenazioa logikoa» izateko, Euskal Herria kalean norabide bakarrekoa jarriko du Udalak bide bat: Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai ikastetxeari buelta ematen diona.

Trafikoaren ordenamendu berrirako seinaleak jarrita daude Euskal Herria kalean, baina plastiko beltzarekin estalita daude, oraindik ere agerian jarri gabe. «Aurrena, errepidean zebra bide bat margotu behar da, baita autoentzako aparkalekuak seinalatu ere», dio Xanet Esnaola (EAE-ANV) alkateordeak. Hori egiten dutenean, egun batetik bestera, ordenazio berria jarriko dute martxan.

Espaloia oinezkoentzat

Ikastetxearen eskuinaldeko espaloia gehienetan autoz beteta egoten da, eta horri irtenbidea eman nahi diote udal arduradunek. «Autoentzako bide hori norabide bakarrekoa izango da eta, era horretan, autoentzako aparkaleku ilara bat ateratzeko aukera izango dugu; hala, espaloia oinezkoentzako libre geldituko da. Gainera, inguru horretan haur asko ibiltzen da, eta espaloiak libre behar du», azaldu du Esnaolak.

Behin trafikoaren ordenamendua aldatzen dutenean, Karmelo Etxegaraiko ikasleen autobusaren geltokia ere beste bat izango da. Orain, ikastetxearen atzealdean gelditzen da, baina gero eskuinaldean geldituko da; bera, errepidearen beste aldean jaitsiko dira ikasleak autobusetik. Beraz, haurrak ikastetxerako errepidea igaro dezaten, zebra bidea jarriko dute.

Perdillegira autobusa

Perdillegiko ikastetxera joaten den Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko Lehen Hezkuntzako ikasleen autobusa laster ikastetxeraino igoko da, aldapatik gora. Baina autobusak aldapa igo eta goian buelta emateko aukera izan dezan, autoentzako aparkaleku batzuk kendu egin beharko dituzte, eskola orduetan. Toki honetan ere, behin seinalizazioa jartzen dutenean, indarrean jarriko dute hartutako erabakia.