Corrugadoseko langile batek hanka galdu du lan istripuan

Urola Kostako Hitza 2007ko aza. 19a, 13:11

Lan istripua salatzeko langileek elkarretaratzea egin dute, Corrugados aurrean

Ezbeharra asteburuan gertatu da

Asteburuan, Corrugados Azpeitia enpresan gertatutako lan istripuan J.M.B. langileak hanka bat galdu du, eta larri dago.

Ezbeharra larunbatetik igandera bitartean, goizaldeko bostak aldera, gertatu zen. J.M.B., izatez errezildarra baina Azpeitian bizi dena eta 38 urtekoa, kamioiek maniobrak egiten dituzten lekuan zebilen lanean: "Garbiketa lanak egiten ari zen eta kamioi batek azpian harrapatu zuen". Langileen ordezkari sindikalek atzo adierazi zutenez, langilea Zainketa Berezien Gelan dago, larri.

Langilea berria zen Corrugadosen, egun gutxi zeramazkien enpresan lanean; "igandean 11. eguna zuen enpresan lanean hasi zenetik".

LAB sindikatuak deituta, lan istripua salatzeko elkarretaratzea egin dute langileek, Corrugados enpresaren sarrera nagusian, eguerdian.

Corrugados Azpeitia enpresan gertatu den istripu larri bakarra ez da asteburukoa. Iazko abuztuan, esaterako, langile bat hil zen Azpeitiko lantegi horretan.