Anbulatorioko langileek hiru orduko lanuztea egingo dute ostegun honetan

Uztarria.eus 2007ko aza. 14a, 10:11

Osakidetzako langileen lan baldintzak hobetzea eskatuko dute

Zortzietan hasi eta hamaikak arte urgentziak bakarrik artatuko dituzte; 9:30ean anbulatorio aurrean kontzentrazioa egingo dute

Bihar (azaroak 15, osteguna) Euskal Autonomi Erkidego osoan Osakidetzak dituen anbulatorio zentraletako langileek lanuzteak egingo dituzte. Azpeitian ere hiru orduz etengo dute biharko lanordua. Zortzietan hasi eta hamaikak arte, urgentziak bakarrik artatuko dituzte. 9:30ean, berriz, anbulatorio aurrean kontzentrazioa egingo dute. Medikuek lanuztea egingo duten ala ez aurrez abisatu beharrik ez dutenez, bihar arte ez dago jakiterik kontsultekin zer gertatuko den.

Lanuztearen arrazoiak joan den urriaren 10ean Osakidetzak Medikuen Sindikatuarekin sinatutako hitzarmenaren harira datoz. Anbulatorioko langileek azaldu dutenez, "Osakidetzak, lehenengo eta behin, sindikatu bakarrarekin sinatu zuen akordioa, gainontzeko sindikatuak kontuan hartu gabe". Gainontzeko sindikatuek, gainera, Osakidetzako langileen %90a ordezkatzen dute, eta akordioaren sinatzaileek, medikuek, gainerakoa: %10a.

Hitzarmen horren ondotik, medikuek garapen profesionalean hainbat hobekuntza lortu dituzte. Lanuztera deitu duten langileek, ordea, "hobekuntza guztiak langile guztientzako izatea" eskatzen dute, langilea finkoa izan ala ez.

Lanuztearen helburua "hiritarroi kalte egitea ez" dela argitu dute. "Alderantziz. Lan baldintzak hobetzen badira, gaixoei ematen zaien arretaren kalitatea ere, hobetuko da" azaldu dute.