Aurrera egiteko beharko ikasi

Urola Kostako Hitza 2007ko aza. 13a, 10:11

Azkoitiko eta Azpeitiko hainbat merkatari biltzen dituen Urola Erdiko Merkatarien Elkarteak dendari txikientzako ikastaroak antolatu ditu

"Etengabeko formakuntza" beharrezkoa dela diote (Urola Kostako Hitza)

"Etengabeko formazioa behar-beharrezkoa dela esaten da"; horretan ari dira herriko merkatariak ere. Denda txikiak ere lehiakorrak izateko ahaleginean formatzen ari dira; "merkatalgune eta denda handiekin leihatu ahal izateko eta herria erakargarri egiteko inportantea da dendarien formazioa etengabekoa izatea, teoriak berritzen-eta joateko", dio Azpeitiko merkatari batek. Aukera hori emateko lanean ari dira merkatarien elkarteak.

Urola Erdiko Merkatarien Elkarteak (UEME) urtero antolatu ditu dendari txikiei zuzendutako ikastaroak: "Urte batzuetan ikastaroko gaiak errepikatu ere egin dira, gai asko landu izan ditugu: erakusleihoak nola jarri, bezeroaren fidelizazioa, ekonomia... Azken batean, dendari txikiari ondo etorriko zaizkionak". Oraingoan ekonomiari lotutako ikastaroa antolatu dute, "denda txikietako kontuak nola eman; azken batean dendaria une oro zer irabazten ari den jakiteko saioak dira". Saio praktikoak dira. Hainbat merkatari dabil aste honetan Azpeitiko Sindikatu Zaharrean ematen ari diren saioetan.

Denetik egin behar

UEMEk Azkoitiko eta Azpeitiko 69 merkatari biltzen ditu. "Denetariko jendea dago elkartean; batzuk urteetan daudenak eta besteak berriak. Ikastaroetara denetik etortzen da, urteetan denda dutenak, dendari berriak edota denda ireki asmo dutenak".

Dendariek denetik egin behar dute: dendako kontuak, biltegia, stock-a kontrolatu, erakusleihoak jarri. "Pertsona batek edo bik ematen dute denda, eta gehienetan denetik egin behar izaten dute hauek; arlo asko kontrolatu behar izaten dituzte. Praktikagatik eta esperientziagatik gauza asko ondo dakizkite, baina batzuetan eguneratzeko ondo etortzen dira ikastaroak ere". Ahaleginak herriko merkataritza indartu nahian egiten dituzte. "Gaur egun merkatalgune handien eragina ezin da ekidin, baina merkataritza txikia ahalik eta lehiakorrena egiten saiatu behar dugu". Dendarien elkarteak herri mailan lanean ari dira, elkarrekin aurrera egiteko.