San Sebastian bezperan bi talde berri irtengo dira helduen danborradan

Urola Kostako Hitza 2007ko aza. 9a, 10:11
Helduen danborradako 22 taldeak sartuko dira herriko plazan.

Basazabal eta Ziripot elkarteetako taldeak gehituta, 22 talde aterako dira helduen danborradan

Entseguekin Sansebastianak baino bi aste lehenago hasiko dira (Urola Kostako Hitza)

2008ko sansebastianak prestatzen hasi dira herriko taldeak eta elkarteak, ikastetxeetako ordezkariak eta Udala. Herenegun egin zituzten lehen bilerak udaletxean, bai helduen danborradako bai haurren danborradako ordezkariek. Helduen danborradan aurreneko aldiz bi talde berri aterako dira: Basazabal eta Ziripot elkarteak. Era horretan, San Sebastian bezperako danborradan 22 talde irtengo dira. Gainera, helduen danborradako Itsasi dantza taldeak 25 urte egingo ditu aurten ekitaldian parte hartzen.

Talde gehiago izango dira, baina horrek ez du aldaketarik eragingo helduen danborradan. Izan ere, nahiko justu bada ere, herriko plazan talde guztientzako tokia izango da; hala dio Udaleko Festa batzordeburu Mikel Ibarzabalek: "Txurroak saltzen dituen postua herriko plazatik beste norabaitera eraman beharko dugu eta, era horretan, talde guztientzako tokia edukiko dugu. Izan ere, taldeak ezin ditugu aurrerago ekarri, lehen ere danborradako ikusleentzako tokia txikiagotuta baitago".

San Sebastian Egunean bandera jaisten, berriz, honako taldeei irtengo dira: Gure Ametsa, Ardozaleak, Mendizaleak eta Barratsu. "Aurten berezia izan da, danborradak 50 urte bete zituela eta talde guztiak atera baitziren, baina datorren urtean ez".

Entseguak jarrita

Herenegungo bileran, entseguen egunak jarri zituzten: sansebastianak baino bi aste lehenago hasi eta lau egunetan egingo dituzte. Izarraitz pilotalekuan izango dira. Hurrengo bilera eguna ere jarri dute; "urtarrilaren 9an bilduko gara berriro".

Haurren danborradako antolatzaileek ere entsegu egunak jarri zituzten herenegun: "San Sebastian eguneko astean, lau egunetan, entseatuko dute, Izarraitz pilotalekuan". Baina hauek ,ordea, hil honen 30ean egingo dute bigarren bilera. "Danborradaz gain, Udaletik Olentzero eta errege bezperako zamalkada antolatzeko laguntza eskatzen zaie ikastetxeei eta, horregatik, hil honetan beste bilera bat deitu dugu", dio Ibarzabalek.

Karroza lehiaketa abian da

Bestetik, urtero bezalaxe, San Sebastian Egunean haurren danborradarekin ateratzen den karroza egiteko lehiaketa abian jarri du Udalak. Proiektuak, hilaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira udaletxean.

Aurten karrozak jorratuko duen gaia musikarekin lotutakoa izango da, "Udal Festa batzordeak proposatu duen gaia Juan Antxieta Musika Eskolaren 25. urteurrena da. Gero, horrekin lotuta, bi pertsonaia ere agertzea nahi dugu; hauek Juan Gurrutxaga Txokolo eta Sebastian Errasti Aizpuru Xaxurre dira. Txokolo jaio zela ehun urte beteko dira datorren urtean eta Xaxurre jaio zela, berriz, 125 urte". Bi musikari hauek Musika Eskolaren gaiarekin ondo uztartzen direla uste dute, "denak ere musikarekin lotutakoak direlako. Txokolo 40 urtez Udaleko txistularia izan zen eta Xaxurre-k abesbatzan abesten zuen; musika bandako ia instrumentu guztiak jotzen omen zituen". Gaiak proposatzen Imanol Eliasek egiten duen lana ere eskertu dute Festa Batzordetik.

Gainera karroza egingo duenak sari handiagoa jasoko du aurten, 1.200etik 1.500era igo baitute.