Diseinu berria eta hainbat aldaketa 'Urola Kostako Hitza'-n gaurtik aurrera

Uztarria.eus 2007ko aza. 7a, 14:11
Goiko argazkian, Laxaro Azkune (Urola Kostako Hedabideak enpresako lehendakaria) eta Amaia Mendizabal (Urola Kostako Hitzako zuzendaria) atzoko agerraldian. Beheko argazkian, aurkezpenaren ondoren egin zen luntxa.

Atzo, asteartea, egin zuten Urola Kostako Hitza berrituaren aurkezpen ekitaldia

Webguneari askoz lotuagoa izango da aurrerantzean

Diseinu berria eta hainbat aldaketarekin atera da gaurko (asteazkena) Urola Kostako Hitza egunkariaren zenbakia. Atzo egin zuten egunkari berrituaren aurkezpen ekitaldia Aitonen Ieko aretoan. Diseinua berritzearekin batera, egunkariak hainbat aldaketa izango dituela jakinarazi zuen Amaia Mendizbal, Urola Kostako Hitzaren zuzendariak atzoko agerraldian. Irakurlearengandik gertuago egoteko asmoarekin ekin dio bide berriari proiektuak.

"Azala eta mamia erabat eguneratu ditugu" azaldu zuen Mendizabalek. Hala ere, "mamia aldatzea irakurleei dagokiela" gaineratu zuen. Izan ere, webguneari askoz lotuagoa izango da eta irakurleek eta gizarte eragileek bidalitako argazkiek, iritziek eta albisteek lekua izango dute.

Jendearen erantzuna

Urola Kostako Hitzak egindako deialdi zabalari erantzun beroa eskaini zion jendeak atzoko ekitaldian. Aurkezpenaren ondoren, ekitaldira bildu ziren guztiek pintxo batzuk jateko aukera ere izan zuten Aitonenan bertan.

Informazio gehiago Urola Kostako Hitzan