Emakumeen aurkako indarkeriari buruz hainbat ekitaldi

Urola Kostako Hitza 2007ko aza. 5a, 15:11
Indarkeria mota bat irudikatzen du jardunaldietako kartelak.

Parekidetasun Batzordeak prostituzioari buruzko hitzaldia, Indarkeria ikustezina ikastaroa eta antzerkia prestatu ditu

Jardunaldiak azaroan eta abenduan izango dira (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Batzordeak Emakumeen aurkako indarkeria ardatz hartuta, indarkeria mota honen hainbat aurpegi eta erroak ezagutzeko jardunaldiak antolatu ditu azaroan zehar eta abenduaren hasieran.

Jardunaldiari hasiera Mujeres creando elkartearen Ninguna mujer nace para puta hitzaldiak emango dio. Hitzaldian prostituzioaren hainbat alorrez eztabaidatzea eta hausnartzea lortu nahi dute. Hala nola, honako gaiak aztertuko dituzte: prostituzioa ipar eta hego hemisferioan nola gauzatzen den; prostituzioa munduko gizarte, sistema ekonomiko eta ideologia politiko guztietan aztertzeke dagoen gaia gisa; eta, azkenik, bezeroak prostituzioaren protagonista gisa. Prostituzioa lana ote den edo ez, edota legeztatu behar den edo ez, eztabaidatik kanpo utziko dituzten gaiak izango dira, prostituzioan dabiltzanen lekukotasuna jaso nahi baita.

Ikastaroa eta antzerkia

Jardunaldiari jarraipena Indarkeria ikustezina: mikromatxismoak, amona esklaboaren sindromea eta emakumearekiko indarkeria hedabideetan ikastaroak emango die. 8 ordukoa izango da eta gai hauek landuko dituzte: hedabideetan emakumeak eta gizonezkoak berdin agertzen ote diren; publizitate mezuetan agertzen den diskriminazioa antzemateko gai al den gizartea; eta esklaboen pare lana egiten duten amonak.

Dena ez da, ordea, hitzaldia eta ikastaroa izango, antzerki bat ere prestatu baitute. Encantadas antzezlanean ipuinetako printzesak gai hartuta, emakumeek euren buruaz barre egitea lortu nahi da, baita emakume eredu eskuraezina urruntasunetik begitzea ere.

Emakumeen aurkako indarkeriarik ez

Udaleko Parekidetasun Batzordeak Emakumeen Aurkako Indarkeriarik Ez jardunaldia antolatu du azaroan eta abendu hasieran.

  • Azaroak 13, asteartea. Ninguna mujer nace para puta hitzaldia. Mujeres creando erakunde hegoamerikarreko kide Maria Galindoren eta Sonia Sanchezen eskutik; gaztelaniaz eta doan izango da. 20:00etatik 21:30era Aitonena I-eko 1. solairuan.
  • Azaroak 20 eta 27, abenduak 4 eta 11, astearteak. Indarkeria ikustezina ikastaroa. Nekane Elosuk emango du. Elebitan eta doan. 17:30etik 19:30era Aitonena I-eko 1. solairuan. Izena 943 157192 telefono zenbakian eman behar da, azaroaren 15a baino lehen.
  • Abenduak 1, larunbata. Encantadas antzezlana. Virginia Imazen eskutik, gaztelaniaz. Sarrera 2 euro. 21:30ean, Izarraitzen.