Haurren danborradako karroza egiteko lehiaketa abian da

Uztarria.eus 2007ko urr. 30a, 14:10

Udaleko Festa Batzordeak Juan Antxieta Musika Eskolaren 25. urteurrena proposatu du karroza egiteko gai gisa

Azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira aurreproiektuak; irabazleak 1.500 euroko saria jasoko du

Abian da haurren danborradarako karroza egiteko lehiaketa. Azpeitiko Udalak urte askoan lehiaketara atera izan du karrozaren errealizazioa eta aurten ere ildo beretik jarraitu du. Aurten honako gaia proposatu du Udaleko Festa Batzordeak: Juan Antxieta Musika Eskolaren 25. urteurrena. Gaiarekin batera, karrozan Azpeitiko bi pertsonaia esanguratsu ordezkatzea proposatu dute: Juan Gurrutxaga Txokolo (100 urte jaio zela) eta Sebastian Arruti Aizpuru Xaxurre (duela 125 urte Urrestillan jaioa).

Lehiaketako oinarriak

Karrozaren aurreproiektua egiterako orduan, gaia proposatzeaz gain, bete beharreko hainbat oinarri ere ezarri dituzte. Lanak edozein teknika edo material erabiliz egin daitezke, baina pertsona edo talde bakoitzak proiektu bakarra aurkez dezake. Horrez gain, lanek sortu berriak izan beharko dute eta egilea bera izango da baldintza hori ez betez gero gerta daiteken edozein erreklamazioren erantzule. Karrozaren neurriek, berriz, ondorengoek behar dute izan: 2,80m zabalera x 3,85m luzera eta 3,20m altuera. Planoak, bozetoak, aurrekontu zehaztu bat eta gehienez A-4ko bi orrialdetan azaldutako memoria bat aurkeztu beharko dira. Aurrekontuak ezingo du izan 7.800,00 € baino gehiagokoa. Proiektuak sinatu gabe aurkeztu beharko dira eta aparteko kartazal batean jarriko ditu egileak bere datuak (NAN, telefonoa, zuzenbidea eta kurrikuluma).

Lanak aurkezteko azken eguna azaroaren 30a da

Proiektuak azaroaren 30a baino lehen Udaletxeko Festa Batzordera bidali beharko dira (Enparantza Nagusia, 5). Epaimahaia Azpeitiko Udalak izendatuko du eta bost pertsonek osatuko dute. Ordezkaritza Udaletxe eta dekoradore eskolakoek osatuko dute. Lehiaketako irabazleak 1.500 euro jasoko ditu sari gisa.