Berrikuntzarako ahalmena hobetzeko ituna sinatu dute

Urola Kostako Hitza 2007ko urr. 26a, 19:10

Ezagutza Guneak eta Lehiakortasunerako Euskal Institutuak lortu dute akordioa, enpresa txikiei eta ertainei begira

Ezagutza Gunea 2002an sortu zuten Azkoitiko eta Azpeitiko Udalek, Iraurgi Lantzenek, zazpi enpresek eta ikastetxeek (Urola Kostako Hitza)

Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak eta Ezagutza Guneak elkarlanean aritzeko hitzarmena sinatu zuten herenegun (asteazkena), Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean. Enpresa txikietan eta ertainetan berrikuntzari lotutako zenbait metodologia aplikatzea du helburu izenpetutako itunak. Bestalde, Ezagutza Gune bezala izendatzen da Urola Erdiko Formazioaren eta Jakintzaren Kudeaketarako Gunea.

Enpresek teorian gauzatu duten metodologien baliagarritasuna neurtuko du Oskestrak, Azkoitiko eta Azpeitiko enpresek berrikuntzako politikak bereganatzeko duten ahalmena hobetzeko. Ondoren, ekintza plana definituko dute. Lau urteko epea ezarri dute esperientzia garatzeko eta Ezagutza Guneko koordinatzaile Miren Larreak gidatuko du egitasmoa.

“Diseinatutako lanabesak esperimentatu ondoren, Orkestrak tresna horiek zabaltzeko prozesua antolatuko du, beste toki batzuetan ere berrikuntzari lagunduko dioten dinamikak sor daitezen”, eman dute jakitera proiektuaren arduradunek.

Hitzarmen honen bidez, Azkoitiko eta Azpeitiko erakundeek bertako enpresei berrikuntzak barneratzen laguntzeko duten gaitasuna aztertuko dute. Ondoren, Ezagutza Guneak “era honetako politiken efektu biderkatzaile bat izan dezan” ekintza plan bat definituko dute. Behin lan-tresna hauekin esperimentazio aldia amaitutakoan, Lehiakortasunerako Euskal Institutuak berauen zabalkunderako prozesua jarriko du abian, beste tokiko eremu batzuetan ere berrikuntza bultzatzeko dinamikak lagundu asmoz.

Bost urteko jarduna

Ezagutza Gunea 2002an sortu zuten Azkoitiko eta Azpeitiko Udalek, Iraurgi Lantzen eskualdeko garapen agentziak, Urola Erdiko zazpi enpresek eta aipatutako udalerrietako ikastetxe guztiek.

Urola Erdiko garapenari laguntzen dio erakundeak, “herritarren bizitza kalitatea hobetzeko helburuarekin”. Horretarako, enpresen eta prestakuntzako eta ikerketako zentroen lehiakortasuna handitzea sustatzen du eskualdean, “jakintzaren kudeaketa eraginkorraren bidez”.

Ezagutza Gunearen baitan, hainbat lan talde edota elkargune daude sortuta. Enpresetako giza baliabideetako arduradunek ematen dute Ezagutza Gunearen barruko jardunik nagusiena. Urtean hiru topaketa egiten arren, urte guztian lan egiten duen elkargunea da .

Erakundearen helburuak Urola Erdia osatzen duten udalerrietako enpresek eta erakundeek bertan parte hartzea da, eta behin sarean integratuta daudenean, elkarrekin lan egitea eta elkarrekin ikastea da xedea.