Herriko elkarteak euskalduntzeko mikroplanak abian jarriko ditu Euskara Patronatuak

Uztarria.eus 2007ko urr. 26a, 15:10
Ihintza Agirretxe egitasmoaren teknikaria eta Arantxa Isart, Azpeitiko Euskara Patronatuko lehendakaria, gaurko aurkezpenean.

"Helburua herriko elkarteek erabat euskaraz funtzionatzea da" azaldu du Arantxa Isart Euskara Patronatuko Lehendakariak

Taldeekin "harreman zuzena eta etengabea" izango dutela adierazi dute

Herriko elkarteak euskalduntzeko mikroplanak abian jarriko ditu Azpeitiko Euskara Patronatuak. Gaur, ostirala, aurkeztu dute egitasmoa Euskara Patronatuaren egoitzan. Arantxa Isart, Euskara Patronatuko lehendakariaren esanetan, "egitasmoaren helburua herriko elkarteek euskaraz funtzionatzea da. Horretarako banan-banako azterketak egin eta plan zehatza egingo zaio talde bakoitzari".

Ihintza Agirretxe, EREGI euskara eta komunikazio elkarteko kidea izango da egitasmoaren teknikaria eta berak azaldu duenez, elkarteei gutun baten bidez egingo zaie egitasmo honetan parte hartzeko gonbidapena. "Gero egitasmoaren xehetasun gehiago eman eta parte hartzeko bilera baterako hitzordua jarriko diegu" esan du Agirretxek.

Fitxa, gero azterketa egiteko

Behin egitasmoari baietza eman ostean, taldekideek fitxa bat bete beharko dute. Fitxa horren bidez, talde barruko zein kanpoko harremanetan erabiltzen duten hizkuntza zein den edo zein lehenesten duten jakingo dute. "Jasotako datu guztiekin hizkuntza azterketa egingo diogu talde bakoitzari, eta bigarren bilera batean zer egin behar duten azalduko diegu" azaldu du Agirretxek. "Batzuk ohiturak eraginda, oharrak idatziko dituzte gazteleraz, eta horien euskarazko ereduak beharko dituzte. Beste batzuk, agian, estatutuak izango dituzte gazteleraz eta Euskara Patronatuaren bidez horiek euskaratu ditzaketela azalduko diegu".

Taldeekin "harreman zuzena eta etengabea" izango dutela aditzera eman dute Euskara Patronatutik. "Taldeen aurrerapenak gertutik ezagutzeko eta laguntza eskaintzeko aukera emango digu horrek".

Informazio gehiago Urola Kostako Hitzan