25 urte ospatzeko, kanta

Urola Kostako Hitza 2007ko urr. 26a, 11:10
Eztake taldeko partaideak: Ane Bastida (baxua eta ahotsa), Iraia Bereziartua (bateria), Felipe Murillo (ahotsa), Mikel Zaldua (kitarra) eta Ainhitze Bereziartua (teklatua eta biolina).

Juan Antxieta Musika Eskolak 25 urte betetzen dituela ospatzeko Antxietatik sortutako Eztake taldeak kanta egin du

Abestia Santa Zezilia bezperan aurkeztuko dute (Urola Kostako Hitza)

Eztake taldeak kanta bat egingo du datorren Santa Zezilia bezperako, azaroaren 21erako; 25 urtez gure artean, 25 urtez Juan Antxietaren izenpean, 25 urtez musikariak sortzen, 25 urte musikaz gozarazten lelopean.

Eztake taldeak estudioan grabatutako lehen kanta da musika eskolaren omenez egin duen hau. Taldeko musikariek ez ezik kanta honetan musika eskolako tronpeta-jotzaileek, klarinete-jotzaileek, trikitilariek eta saxofoi jotzaileek hartu dute parte.

Kanta ska estilokoa da, berez Eztake taldeak pop-rock doinuak lantzen baditu ere. Hitzak ere Eztakekoek idatzi dituzte.

Eztakek bertsioak egiteaz gain, badu bere errepertorioa ere; beraiek sortutako 10-11 kanta dituzte. Gainera, estudioko esperientzia gustatu egin zaie eta litekeena da 6-7 kantako maketa bat grabatzea.

Abestia azaroaren 21ean ezagutaraziko da, jaialdian.