Jesus Urbieta: "90 urte hartzeko sekretua lan asko egitea eta denetarik eta tamainan jatea da"

Urola Kostako Hitza 2007ko urr. 19a, 11:10
Jesus Urbieta.

Igande honetan 90 urte bete dituzten sei kide omenduko ditu Aitonena elkarteak

Horietako bat da Jesus Urbieta (Urola Kostako Hitza)

Etzi, Jubilatuaren Astearen barruan, aurten 90 urte bete dituzten sei kide omenduko dituzte. Horietako bat da Jesus Urbieta (Azpeitia, 1917)

Igandean Aitonenakoek omenaldia egingo dizute. Ilusioa egiten al dizu?

Bai, ilusio handia egiten dit. Gainera, lagunak ere etorriko dira. Inoiz ez naiz joan bazkari horretara eta badaukat gogoa nolakoa izaten den ikusteko.

Eta igandean zer egingo duzu? Dantzarik bai?

Bada, goizean mezatara eta hamaiketakora joango naiz, gero bazkaltzera joango naiz. Dantza egingo nuke, jakingo banu.

Aspalditik joaten al zara Aitonenara?

Aspalditik, bai. Larunbatero eta igandero han egin ohi dugu hamaiketakoa. Eta txikiteoan ere arratsaldeetan sarri joan ohi gara. Irteeretara-eta ez naiz joaten, ordea.

Zein da sekretua 90 urterekin horrela egoteko?

Lan asko egitea eta tamainan jatea. Nik denetarik jan eta edaten dut. Dena gustatzen zait. Gainera, arratsalde askotan ibiltzen naiz lagunekin txikiteoan. Denetarik jaten eta edaten dut, baina tamainan.