Zine kluba Bergmanekin eta Antonionirekin hasiko da

Urola Kostako Hitza 2007ko urr. 18a, 11:10
Ihintza Agirretxe, Ilazki Goenaga, Maite Azpiazu eta Enekoitz Kerejeta zine klubeko bileran.

Datorren astean Kubako zine zikloa eskainiko dute

Aurten zine kluba doan izango dela adierazi dute klubeko kideek (Urola Kostako Hitza)

Bihar, ostirala, hasiko du Azpeitiko Zine Klubak ikasturte berria, udan hil diren bi zinema zuzendari entzutetsuri gorazarre eginez: Ingman Bergmani eta Michelangelo Antonioniri.

Ziklo hau bukatzean, Mugarik Gabe zine zikloa hasiko da. Aurtengoan Kubako egileen filmak botako dituzte urriaren 25etik 28ra.

Azaroan ez du zine klubak filmerik eskainiko, Antzerki Topaketei ikusleak ez kentzeko. Gabonetan, berriz, helduentzako sei film eta haurrentzako beste sei emango dituzte.

Enekoitz Kerejeta. Zineklubeko kidea

"Zine kluba aurten doan izango da; edozeinen eskura egon dadin"

Bi astean behin bildu ohi dira zine klubeko kideak, ekarriko dituzten filmak aukeratzeko eta egitaraua zabaltzeko lanak banatzeko.

Zein irizpide erabiltzen duzue filmak aukeratzerakoan?

Irizpide nagusia beste zine aretoetan eskaintzen ez dena botatzea da; hau da, komertziala ez dena. Geuk ikusi ditugunak, kritika on bat dutenak edota gai zehatz bat lantzen dutenak aukeratzen ditugu normalean.

Jende asko inguratzen al da zine klubera?

Zine klubean bost-sei lagun gabiltza, aukeran gutxitxo; gustura hartuko genuke laguntzeko prest dagoen jendea. Bestela filmak ikustera 20 bat lagun inguratzen dira. Jendea, hasieran, atzera botatzen du Betharram aretoak. Baina, egia esan, etortzen direnak tokiaren erosotasunarekin harrituta geratzen dira; txikia da, soinu aldetik Soreasu zena baino askoz hobea da...

Filmak zein hizkuntzatan proiektatzen dituzue?

Lehen gaztelaniazko bertsioan eskaintzen bagenituen ere, orain jatorrizko bertsioan eskaintzen hasi gara. Lehen gaztelaniaz eta gaztelaniazko azpitituluekin eskaintzen genituen, gor-muturen bat etortzen bazen ere. Orain, filmek itzulitakoan asko galtzen dutela eta, jatorrizko bertsioan proiektatuko ditugu, gaztelaniazko azpitituluekin.

Zenbat kostatzen da zine kluberako sarrera?

Iaz bi euro kostatzen bazen ere, aurten dohainik izatea lortu dugu. Bi arrazoigatik nahi genuen doan izatea: batetik, hona ekartzen ditugun filmak estreinatuta egoten direlako eta edozeinek ikusi ditzakeelako etxean; eta, bestetik, zine kluba edozeinen eskura egotea nahi dugulako. Ez dugu nahi ordaindu beharra zine klubera ez etortzeko aitzakiatza izatea.

Urrian bi ziklo eskainiko dituzue; gero, azaroan, atsedenaldia hartuko duzue. Eta hortik aurrera nola funtzionatuko duzue?

Bada, abendutik aurrera bi astean behin eskainiko ditugu emanaldiak. Azpeitian bigarren eta laugarren ostiralean eskainiko ditugu filmak. Iaz, Azkoitiko zine klubekoekin batera suertatu ziren film batzuk. Horregatik, aurten hileko lehen eta hirugarren ostiraletan beraiek proiektatuko dituzte filmak, eta bigarren eta laugarren ostiraletan guk. Hala ere, aste honetan bi zineklubok film bana botako dugu; baina aurrerantzean elkarri ez zapaltzen saiatuko gara. Bestela, data jakinetan ere eskainiko ditugu filmak: Emakumeen Egunean, Ingurumen Egunean, Gabonetan... Gabonetan abenduaren 26an, 27an eta 28an eta urtarrilaren 2an, 3an eta 4an izango dira zine emanaldiak.

Orain jende berria hasi da zine klubean.

Bai, Soreasu itxi zutenean lehengo zine klubekoek Soreasu berria eraiki arte eten bat hartzea erabaki zuten. Guk, ordea, gero 0tik hastea zaila izango zela eta, koma egoeran bada ere, jarraitzea merezi zuela erabaki eta lekukoa hartu genuen.

Egitaraua

Emanaldiak Betharram aretoan izango dira 21:30ean; urriaren 25ekoa eta 28koa, 19:30ean.

Zuzendariak gogoan

  • Urriak 19, ostirala. Persona (Ingman Bergam).
  • Urriak 20, larunbata. Blow up (Michelangelo Antonioni).

Mugarik gabe zine zikloa

  • Urriak 25, osteguna. *Montaña de Luz eta La chivichana*.
  • Urriak 26, ostirala. Rasgando veols, Video de Familia eta *Sueño de Mujeres*.
  • Urriak 27, larunbata. *Jose Manuel: La mula y el televisor, Gotica a gotica, Al compás del pilón, Fidel, el hombre de las cucharitas eta Casas en la pantalla*.
  • Urriak 28, igandea. Barrio Cuba.