Lasaotarrek luiziaren inguruko informazio eza salatu dute

Urola Kostako Hitza 2007ko urr. 17a, 11:10
Hilaren 5ean izan zen luiziak errepidea nola moztu duen ikusi daiteke.

Hilaren 5ean izan zen luiziak Aizarnako eta Errezilgo errepidea moztu zuen

Oraindik ez dute bidea ireki (Urola Kostako Hitza)

Hilaren 5ean, 19:15ak inguruan, luizi bat izan zen Lasao auzoan, Aizarna eta Errezil alderako errepidean, hain zuzen ere. Altuna y Uria enpresak auzoan duen eskoilera edo hondakindegiaren azpiko aldean gertatu zen. Hala, errepidera erori zen harri eta lur guztia ere hondakindegian pilatutakoa zen.

Ia bi aste pasatu dira hau gertatu zenetik eta bertako bizilagunak ez daude gustura, bidean erorita dauden lur eta harri tonak ez baitituzte oraindik kendu. Ondorioz, bideak moztuta jarraitzen du, eta auzoko hainbat bizilagunek egokitu duten bide alternatiboa erabili beste aukerarik ez du.

Auzotarrek azaldu dutenez, hondakindegiak %60ko desnibela besterik ez luke izan behar, baina Lasaokoak %75eko edo %80ko desnibela du. "Egunen batean horrelakoren bat gertatuko zela bagenekien, eta Azpeitiko Udalean ere kexaren bat sartu izan dugu, euria egiten zuenean lokatza etxeko atariraino iristen zelako. Hala ere, gustura egon beharko dugu ez delako ezbeharrik izan", azaldu du auzotar batek.

Luiziaren ondorioz, bidea moztuta dago eta bertako bizilagun batek honela azaldu du: "Ni neu ez naiz kaltetua, nire etxea herri aldean baitago, baina errepidearen beste aldean sei baserri daude, eta bertako bizilagunek egunero errepide hau erabiltzen zuten; orain beste pista batetik joan behar izaten dute, eta oinez ibiltzen zirenak, berriz, izugarrizko buelta eman behar dute".

Auzotarrak haserre

Auzotarrak haserre daude, ia bi aste pasa baitira luizia gertatu zenetik eta errepidea ez zabaltzeaz gain, bi udaletako ordezkariek, hau da, Zestoako eta Azpeitiko udaletako ordezkariek, ez dietelako azalpenik eman. "Kasualitatez lurra erori den eremua Azpeitikoa da, baina Zestoako Udalak ere badu ardura, hemen bizi garen ia denok zestoarrak baikara", azaldu du bizilagun batek.

Auzotarrek sinadurak bildu dituzte auzoan eta idatzi batekin batera, Azpeitiko eta Zestoako Udaletan sarrera emango diete gaur bertan.

Luiziaren ostean, errepidearen beste aldean gelditu diren bizilagunak ere haserre agertu dira. "Guk autoa dugu eta gure baserritik autoz mugitzen gara, baina badira zenbait baserritar oinez ibiltzen direnak", azaldu du errepidearen beste aldean bizi den auzotar batek.

"Eskoilera bertan izatea arazo larria zela bagenekien eta egunen batean horrelakoren bat gertatuko zela ere ikusia zegoen. Gainera, sarri erortzen ziren harri handiak errepidera eta oso arriskutsua zen", azaldu du auzotar batek.

Udalen erantzukizuna

Zestoako Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, gertaera izan zenean bertara joan ziren, baina Udala ez da ezer mugitzen hasi. Izan ere, eremua zehazki Zestoakoa edo Azpeitikoa zen jakin ahal izateko mapa batzuetan-eta begiratzen aritu ostean, eremua Azpeitikoa dela eta, Azpeitiko Udalaren esku utzi dute arazoa.

Bestalde, IƱaki Errazkin Azpeitiko akateak azaldu duenez, "lehenengo lana errepidea zabaltzea izango da, baina orain beste eskoilera bat bilatzen ari da enpresa, errepidera milaka metro kubiko lur erori baitira, eta hori ezin baita edozein lekutan sartu". Dagoeneko jaso duten lur kopurua, Oriora eraman dutela azaldu du Errazkinek, baina beste guztia sartzeko beste leku egoki bat bilatzen ari omen dira oraindik.

Errazkinek azaldu duenez, auzotarrekin aste honetan bertan biltzeko asmoa dute, egoera nola dagoen azaldu ahal izateko.

Altuna y Uriak Lasaon duen eskoileraren edo hondategiaren etorkizunari buruz, berriz, honakoa adierazi du Azpeitiko alkateak: "Eskoilera hori itxi egingo dute, ezin baita lur gehiago bota bertara".