Parkinsonaz hitz eginez eta txokolatea janez hasi dute astea

Urola Kostako Hitza eta Uztarria 2007ko urr. 16a, 14:10
Aspargi elkartekoek eskaini zieten Parkinsonari eta gizarteari buruzko hitzaldia.

Jubilatuen Asteak igandera arte iraungo du eta ekimen ugari antolatu dituzte

Sagardotegirako eta Kiruriko bazkarirako txartelak salgai daude Aitonenako ofizinetan

Erretiratuek Jubilatuen Astea ospatuko dute aste honetan eta atzo, astelehena, izan ziren aste honetako lehen ekitaldiak. Lehenengo, Parkinsona eta gizartea ardatz hartuta, hitzaldi bat izan zuten. 18:00etan, txokolate jana egin zuten bi Aitonenetan. Gaur 15:30ean mus eta puntu txapelketak izango dute. 17:00etan, berriz, Julian Bereziartuaren Larrialdiak hitzaldia izango dute.

Igandera arte iraungo du Jubilatuen Asteak eta egun horietan guztietan izango dituzte erretiratuek ekimenak.

Txartelak salgai

Jubilatuen Astearen baitako ekimenen artean, sagardotegira joango dira erretiratuak ostegunean, hilak 18. Igandean, berriz, eta asteari bukaera emateko, Kiruri jatetxean bazkaria egingo dute. Bi irteeretara autobusak antolatu dituzte eta txartelak salgai daude Aitonenako 'Jubilatuen Etxea'ren ofizinetan.