Luis Maria Oiarbide: "San Markosko zabortegiaren itxiera atzeratzeak ez dio eragingo Lapatxi"

Uztarria.eus 2007ko urr. 16a, 14:10

Foru Aldundiko Garapen Jasangarriko diputatuak uste du hondakinen arazoa eztabaida teknikoa izan beharrean politikoa bilakatu dela

"Erraustegiaren kontrako talde batek Diputazioa eta Urola Erdiko Mankomunitatea auzitara eraman ditu Lapatxen konpostatze planta egitea eragozteko" esan du

San Markosko auzia hautsak harrotuz dabil azkenaldian. Bateko eta besteko iritziak jaso dira egunotan eta zabortegiaren etorkizuna zalantzan dago oraindik. Luis Maria Oiarbide Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Jasangarriko diputatuak Noticias de Guipuzkoa egunkarian emandako elkarrizketan dio San Markoko zabortegiaren itxiera atzeratzeak ez diela eragingo Azpeitia, Beasain eta Zarauzko zabortegiei. "San Markosko auzia egun batzuen bueltan konponduko da eta ez dut pentsatu ere egin nahi zabortegia hilabeteetan irekita egoteko asmoak daudenik".

Urriaren 1ean ziren ixtekoak San Markosko zabortegia, hala adostu zuten joan den legegintzaldian. San Markosek, hala ere, irekita jarraitzen du hango zaborraren erdia beste hiru zabortegitara garraiatzen badute ere, tartean Lapatxera. Oiarbideren ustetan, "San Markosko talde berriak ez du denborarik izan zabortegia itxi eta hango zaborra garraiatzeko planifikazio oso bat egiteko". Zuzendaritza taldeari gutuna bidali zion Oiarbidek balizko itxiera egunaren bezperan egin behar zutena azalduz baina oraindik erantzunik jaso ez duela azaldu du.

"Eztabaida politikoa bilakatu da, teknikoa izan beharrean"

Diputatuak uste du hondakinen arazoa "eztabaida teknikoa izan beharrean politikoa bilakatu dela" eta hori azaltzeko adibide bat jarri du: "erraustegiaren kontrako talde batek Diputazioa eta Urola Erdiko Mankomunitatea auzitara eraman ditu Lapatxen konpostatze planta egitea eragozteko. Jende bera da konpostatzearen alde dagoena baina gero plantarik zabaldu nahi ez duena".

Hondakinak kudeatzeko politika "ezberdina"

Ricardo Ortega, San Markosko Mankomunitateko lehendakariak, bere aldetik, Berria egunkariari egindako azalpenetan adierazi du hondakinak kudeatzeko politika "ezberdina" ezarri nahi dutela. Horrela, "Mankomunitateko herri gehienetan" prebentzioan, berrerabiltzean, birziklatzean eta konpostatzean oinarritutako politika zabaldu nahi dutela dio.