Gehiago kaltetu ez dadin

Urola Kostako Hitza 2007ko urr. 15a, 12:10
Madalenako Ospitalea izandakoari teilatua berritzen hasi dira.

San Inaziok ostatu hartu zuen etxean, Azpeitiaren 700. urteurrenerako zerbait prestatu nahi du Jesusen Lagundiak

Oraingoz, teilatua berrituko diote eraikinari eta gero hasiko dira hormekin (Urola Kostako Hitza)

Aste honetan jakin da Madalenako ospitalea izandakoari teilatua berritzen hasi zaizkiola. Izan ere, teilatua erdi erorita zeukan eta, besteak beste euriagatik, etxea asko ari zen kaltetzen.

Madalenako 14, 15 eta 16 zenbakiak dituzten atarietako teilatua ari dira konpontzen. Jose Maria Etxeberria jesulagunak azaldu duenez, 2.010 urterako, Azpeitiak 700 urte betetzen dituenerako, San Inaziorekin loturiko zerbait jarri nahi dute etxe horretan. Hor hartu zuen San Inaziok ostatu, Paristik (Frantzia) bueltatu eta herrian sermoiak ematen hasi zenean.

Gaur egun, Madalenako 14,15 eta 16 bebarruak Jesusen Lagundiarenak dira, eta Azpeitiko Udalbatzak eman zien teilatua berritzen hasteko baimena. Era honetan, orain kanpotik berritzen hasi badira ere, «herriarekin bat, hor proiektu erakargarri bat jartzeko» intentzioa erakutsi zuen Jose Maria Etxeberriak. Gainera, aitortu zuenez, Loiolatik oso aparte geratzen den arren eraikin honek oso lotura estua du Loiolarekin. Bide batez, Loiolatik turismoa pixka bat herriratzeko ere balio dezake.

Eraikin honen funtzioa zehazteko proposamenak "gustu handiz" jasoko dituztela ere jakinarazi zuen Etxeberriak.

Oraingoz, teilatua berrituko diote eraikinari, eta gero hasiko dira hormekin. Behin eraikina gehiago kaltetzeko arriskua baztertuta dagoenean, funtzio egokienaren bila hasiko dira.

San Inazioren ostatu

San Inaziok 1535ean, zazpi urte Parisen egin ondoren, Azpeitira itzuli zenean, garai hartan erromesen eta eskaleen bizitoki eta ostatu zen etxe honetan hartu zuen ostatu eta bertan egon zen Azpeitian iraun zuen hiru hilabeteetan.

Bere anaia Martin hasiera-hasieratik saiatu omen zen Inazio Loiolatarren dorretxera erakarri nahian; baina honek, jauntxo jaiotzen ikusi zuen herrian, eskale bizitzea erabaki zuen.

Madalenako ospitale hau, garai hartan, herritik kanpora zegoen. Bertan zeuden gaixoek zituzten eritasunengatik herria babestea zen helburua.

San Inaziok Madalenan sermoiak emateari ekin zion. Hasieran sermoiak ospitaleko elizan ematen zituen, baina gero jende asko inguratzen zela-eta, eliza txiki geratu zenez, kanpoan ematen hasi zen. Hasieran, azpeitiarrak bakarrik inguratzen ziren Inazio entzutera, baina denborarekin inguruko herrietako jendea ere hasi zen etortzen: Tolosatik, Errezildik...

Hala ere, San Inaziok hiru hilabetean egin zuen ekintzarik gogoangarriena pobreentzako arreta zerbitzua antolatzea izan zen. Honekin, eskaleen bizimodua eta gosea bukatzea nahi zuen. Herriak jarritako bi ordezkarik igandeetan eta jaiegunetan bildutakoa pobreen artean banatzeko ardura hartu zuten.

San Inaziok Azpeitian pasatu zituen hiru hilabeteetan, gau bakarra pasa zuen bere Loiolako jaiotetxean. Bera gaixo zegoen batean eraman omen zuten dorretxera eta egonaldiak anaia ezkontzaz kanpoko harremanetan zebilela jakiteko balio izan zion.

Hiru hilabete hauen ondoren, Veneziarako (Italia) bidea hartu zuen, Parisen ezagutu zituen lagunekin hitzordua ipinita baitzuen. Parisen jarri ziren Jesusen Lagundia sortzeko lehen harriak eta Venezian jarraitu zuten.